Ekonomia -
Urteko berrikusketa
FMIk premiazko erreforma ekonomikoa eskatu dio Espainiari
Gobernuak positibotzat jo du Nazioarteko Diru Funtsak Espainiako doitze planari buruz egindako txostena.
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsak "premiazko" erreforma ekonomiko "erabakigarria" eskatu dio Espainiari, besteak beste, lan-merkatuaren "erabateko" erreforma, sendotze fiskala eta bankuen berregituraketa.
Hauek izan dira aditu talde batek, urteko berrikusketa egin ostean, Espainiako egoera ekonomikoaz ateratako ondorioak.
"Lan-merkatua ez dabil", adierazi du erakundeak komunikatu batean. Hori dela eta, "asmo handiko" erreforma bat eskatu dio Espainiari; horretarako, kaleratzeen kalte-ordaina murriztea eta negoziazio kolektiboaren garrantzia txikitzea eskatzen diote.
Defizita publikoa murrizteko Espainiak hartutako neurriekin ados dago Nazioarteko Diru Funtsa baina beharrezko neurriak ez badira hartzen edo berreskurapen ekonomikoaren abiadura egokia ez bada helburu horiek arriskuan egongo direla iragarri du.
Gainera, pentsio sistemaren erreforma "ausarta" eskatu du erakundeak, besteak beste, erretiro adina bizi-itxaropenari lotzea.
Era berean, aurrezki-kutxen erreforma "zorrotza" eskatu dio Nazioarteko Diru Funtsak Espainiari.
Txosten positiboa
Espainiako Gobernuaren arabera, Nazioarteko Diru Funtsaren txostena Espainiak abian jarritako ekonomiaren sendotze programarekin bat dator.
Ekonomia eta Ogasun Ministerioak komunikatu batean positibotzat jo du Nazioarteko Diru Funtsaren txostena.