Ekonomia -
Greba
Air Francek gaurko iragarritako hegaldien % 20 bertan behera utzi ditu
Hala ere, AENAk baieztatu du grebak ez duela eraginik izango Loiutik gaur aterako diren Air Franceko hegaldietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Air France hegazkin konpainiak gaurko iragarrita zeuden hegaldien % 20 bertan behera utzi ditu hegazkinetako kabinetako langileek uztailaren 27an hasi eta abuztuaren 2ra arte egingo duten greba dela eta.
Konpainiako zuzendaritzak jakinarazi duenez, distantzia luzeko hegaldien % 90, Parisko Charles de Gaulle aireportuan irteera edota helmuga duten Europako hegaldien % eta Frantzia barruko hegaldien % 80 mantentzeko asmoa du.
Halaber, Air Francek nabarmendu du grebaren eragina ahalik eta txikiena izateko lanean ari direla eta astelehenaz geroztik 250 telefono mezu edota mezu elektroniko bidali dizkiela bidaiariei.
Hala ere, AENAk baieztatu du grebak ez duela eraginik izango Loiutik gaur aterako diren Air Franceko hegaldietan. Bestalde, Biarritzeko aireportuak hegaldiei buruzko informazioa berrikusteko gomendatzen die bidaiariei.
Bost sindikatuk deitu dute greba lan baldintzak, ordainsariak eta promozioak ezartzen dituen akordioari buruzko negoziazioetan presioa egiteko.