Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
Jaurlaritzak soldaten murrizketa mugatzea aldarrikatuko du Madrilen
Espainiako Gobernua erkidegoetako ordezkariekin bilduko da gaur eta funtzionarioen soldaten murrizketa oinarrizko errentari soilik ezartzea eskatuko dute EAEkoek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen soldaten murrizketa oinarrizko errentari soilik ezartzea eta osagarrien gainean eraginik ez izatea aldarrikatuko dio gaur Espainiako Gobernuari, Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia sailburuak atzo iragarri zuenez.
Planteamendu horrekin joango dira EAEko ordezkariak Madrilen bilduko den Funtzio Publikoaren Batzordera. Bertan izango da Consuelo Rumi Funtzio Publikoaren Estatu idazkaria gastu publikoa murrizteko Gobernu espainiarrak onartu duen plana azaltzeko.
Iragan maiatzaren 20an, Rumik iragarri zuen soldaten % 5eko murrizketak ez ziola funtzionarioaren oinarrizko soldatari soilik eragingo, baizik eta "proportzionalki" ezarriko dela soldatetan dituzten osagarrietan ere. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak uste du askatasuna izango dutela euskal administrazioko funtzionarioei neurria aplikatzerakoan.
Jaurlaritzaren bozeramaileak asteroko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Gasteizko Gobernuak bere "interpretazio" propioa egin nahi du Madrilgo Gobernuak onartu berri duen dekretuak EAEn izango duen eraginaz.
Patxi Lopez buru duen Jaurlaritzaren helburua murrizketa oinarrizko soldataren gainean soilik aplikatzea da eta osagarriak alde batera uztea. Oraindik ez dute argitu Mendia bera izango ote den gaurko bilerara joango dena edo beste ordezkariren bat bertaratuko den Madrilera.
Eusko Jaurlaritzak defizitaren aurkako plana ezartzeko dituen berezitasun ekonomikoei eta administratiboei buruz galdetuta, Mendiak erantzun du "autogobernuak uzten duena" erabiliko dutela, baina berretsi du zenbait neurri betetzera "behartuta" daudela.
Patxi Lopezek bihar zehaztuko ditu neurriak
Mendiak esan zuen oraindik zehazteke zeudela EAEn hartuko dituzten neurriak, oraindik "zehatz mehatz" aztertzen ari baitira Ministroen Kontseiluak iragan astean onartutako eta atzo Aldizkari Ofizialean argitaratutako Lege Dekretua. Hala ere, Mendiak iragarri zuen Patxi Lopezek xehetasun gehiago emango dituela bihar Legebiltzarrean egingo duen agerraldian.