Ekonomia -
Aurrikuspena
Espainiako BPGk % 0,2 egingo du behera 2010ean
Espainiaren zenbakiak eurogunekoarenak baino okerragoak dira, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak aurrikuspenak goraka berriz aztertu baititu.
Erredakzioa
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) kalkulatu duenez, Espainiako barne produktu gordinak (BPG) % 0,2 egingo du behera aurten, eta 2011n % 0,9 haziko da.
ELGAk azaroan aurrikusitakoa baino apur bat txikiagoa izango da 2010eko beherakada.
Espainiaren zenbakiak eurogunekoarenak baino okerragoak dira, ELGAk aurrikuspenak goraka berriz aztertu baititu. Erakundearen esanetan, BPG % 1,2 haziko da eurogunean, 2010ean, eta % 1,8 2011n.
Defizita 2011n % 7ra murrizteko Espainiako Exekutiboak diseinatutako plana "martxan jarri behar" dutela adierazi du ELGAk, baina betebeharrak hor bukatzen ez direla erantsi du. "Pentsioen erreforma bat beharrezkoa" dela gaineratu du erakundeak. Era berean, lan-merkatuaren erreforma egitea eskatu du, langabezia murrizteko helburuarekin.
ELGAn susperraldi ekonomikoa azkartzen doa, baina Europa atzean geratuko da finantza publikoetan dagoen konfiantza eskasa dela-eta. Gainera, herrialde azaleratu berrien indarra ez du aprobetxatu Europak, Japoniak eta AEBek egin ez bezala.
NBE
Bestalde, lanpostuak sortzeko neurri irmoagoak hartzeko eskatu dio Espainiari Nazio Batuen Erakundeak, langabeziak eta neurri fiskalek atzeraldian sartzea nahi ez baldin badu.
Espainia "ahul dago, baina ez Grezia bezalako egoera larrian", Rob Vos NBEko Gizarte Gaietako Departamentuko (DESA) arduradunaren hitzetan. Espainiak "hazkunde handia izan zuen krisia baino lehen, baina zorrarekin finantzatu zuen, eta orain hori arazoaren zati bat bilakatu da", erantsi du.