Ekonomia -

Ez ditu zergak igotzen

Pentsioak ukitzen ez dituen herstura plana onartu du Italiak

Bi urtetan 24.000 milioi euro aurreztea espero dute. Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren ahotan, plana "orekatua" eta "ezinbestekoa" da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herstura planaren nondik norakoak azaldu ditu gaur Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak. Gobernuak atzo onartu zuen egitasmoa, krisi ekonomikoari aurre egiteko. Agintariaren hitzetan, planak "ez ditu" pentsioak "ukituko", ezta zergak igo ere.

Giulio Tremonti Ekonomia ministroarekin batera agerraldia egin du Berlusconik. Bi urtetan, gastu publikoan 24.000 milioi euro aurreztea espero dute. Italiako lehen ministroaren ahotan, plana "orekatua" eta "ezinbestekoa" da, eta Europar Batasunak (EB) gomendatutako neurria da.

Gastu publikoa murrizteko plana 2011-2012 bitartean aplikatuko dutela azaldu du Berlusconik, nahiz eta herrialdeko sindikatu nagusiak greba orokorra iragarri ekainaren amaierarako. Buruzagiaren ustez, Europako beste gobernu batzuek egindakoa baino plan "txikiagoa" da, bere Exekutiboak "azken bi urteetan ongi ekin duelako".

Italiako egitasmoak administrazio publikoaren gastua murriztea aurrikusten du ekimen askotan, batez ere funtzioarioen soldatak bere horretan utziz.

Herstura planaren bidez zerga-ordainketen saihestea ekidin nahi du Gobernuak. Egitasmoa lege-dekretu baten bidez onartu zuen Ministroen Kontseiluak atzo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea