Ekonomia -
Bozketa
Kongresuak onartu egin du murrizketa, boto bakar bateko aldeaz
CiU abstenitu egin da, eta hortaz, PSOEren 169 eserlekuak nahikoak izan dira neurriak onartzeko, aurka bozkatu duten alderdiek 168 baitituzte.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen Gobernuak lortu egin du Diputatuen Kongresuak defizitaren aurkako lege-dekretua onartzea. Hori bai, boto bakar bateko aldeaz, diputatu sozialistek baino ez baitute bozkatu alde.
Hori horrela, funtzionarioen soldata % 5 jaistea eta pentsioak izoztea aurreikusten duen dekretuak aldeko 169 boto izan ditu (PSOErenak); aurkako 168 (PP, EAJ, ERC, IU, ICV, BNG, NaBai eta UPyD) eta 13 abstentzio (CiU, UPN eta CC).
Halaber, Behe Ganberaren osoko bilkurak errefusatu egin du lege-dekretua lege-proiektu bezala izapidetzea. Hain zuzen ere, 169 diputatuk aurka bozkatu dute, 168k alde eta 13 abstenitu egin dira.
Bozketaren ostean, Zapaterok ziurtatu du lanean jarraituko duela aurrerantzean hartu beharreko neurriak "adostasun zabalagoarekin" onartu ahal izateko.
Emaitza "esperotakoa" izan da, bere hitzetan, eta "erantzukizunez" jokatu izana eskertu die abstenitu diren alderdiei.
CiU salbatzaile, baina hauteskundeak aurreratzea eskatu du
Boto erabakigarria CiUren partetik etorri da, haren abstentzioak ahalbidetu egin baitu dekretua onartzea.
Nazionalista kataluniarren bozeramailea, Josep Antoni Duran i Lleida, baina, gogorrenetakoa izan da bere hitzaldian, eta 2011ko Aurrekontuak onartu eta gero dimisioa aurkeztea exijitu dio Zapaterori.
Dena dela, bozketan CiUk "erantzukizuna" izango zuela aurreratu zuen, bere ustez pentsiodunen eta funtzionarioen egoerak txarrera egingo bailuke Kongresuak dekretua onartu ezean.
Gobernuak defendatu egin du dekretua
Aldez aurretik, Elena Salgado Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Ekonomia ministroak ziurtatu du neurriak "ezinbestekoak eta premiazkoak" direla, eta "erabakigarriak" ekonomiaren hurrengo urteetarako garapenean.
"Mingarriak dira, baina saihestezinak", azpimarratu du.
Ministroak esan du Gobernuaren kezka nagusiak langabezia eta defizita murriztea direla. Azken hori, gainera, ekonomia eta enplegua suspertzeko "ezinbestekoa" dela iritzi dio.
PP
Mariano Rajoy PPko presidentea bere alderdiaren ''ezetza'' adieraztera igo da tribunara. "Ez, argi eta garbi, hori da PPk dekretuari esango diona", nabarmendu du.
PPko buruak beste argudio bat eman du lege-dekretua errefusatzeko: Ez dutela sostengatu nahi "Espainiako ekonomiaren arazo nagusia", hau da, "Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea".
Rajoyk kritikatu du dekretua "bat-batekoa, urria eta bidegabea" dela, eta neurriek zergatik dituzten funtzionarioak eta pentsiodunak helburu galdetu dio Gobernuari: "Gizartearen sektore ahulenak direlako?".
Hasieran, Cristobal Montoro PPko ekonomia arduradunak hitz egitea zegoen aurreikusita, baina azkenean Rajoyk egin du.
EAJ
Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan ekonomia gaietarako duen bozeramaleak defendatu egin du aurka bozkatzeko erabakia, "ahulak" ezin baitira izan Zapateroren "politika okerra eta nahasia" ordaintzen "lehenak".
Jeltzaleen iduriko, pentsiodunek eta funtzionarioek ez dute ordaindu behar espekulatzaileek eta PSOEren "zarrastelkeriak" eratutako krisia.
Azpiazuk gaineratu du "ahul" dagoen eta "arazo larriak" dituen ekonomia bati gertatu dakiokeen gauza txarrena "noraezean dagoen eta sinesgarritasunik ez duen presidente bat" izatea dela.
Horren ildotik, Zapaterok azken urteetan abiatutako hainbat neurri "apetatsutan" atzera egin behar izan duela gogorarazi du, eta ''umetxo-txekea'' eta PFEZan egindako 400 euroko murrizketa jarri ditu adibide.
NaBai
Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuak adierazi du dekretua ez dela "gastua geldiarazteko" plan integrala, baizik eta pentsiodunekin eta langileekin "bidegabea" den "artazikada" bat.
Hortaz, Barkosek erantzukizunerako deirik ez egiteko eskatu dio Zapaterori, "gehiengoa izan barik Europan dekretu bat iragartzea ez baita erantzukizuna. Eskatzen diguzuena fede ekintza bat da".
UPN
Bestalde, Carlos Salvador UPNko diputatuak argudiatu du "Espainia porrotetik salbatzeko" abstenituko zirela. Alabaina, krisia ukatzeagatik "zulo beltza" eratu izana egotzi dio Gobernuari.
Salvadorrek salatu du Exekutiboak gastatzea baino ez duela egin, eta herritarrek gustukoak ez dituzten neurriak hartzea saihestu izana leporatu dio.
Halakoa da murrizketa
Murrizketokin, gastu publikoa aurten 5.250 milioi eurotan murriztea espero du Gobernuak. 2011n, aldiz, 10.000 milioi eurokoa izango da murrizketa. Horrela, 2013 urterako defizita % 3koa izatea dute helburu.
Funtzionarioen soldaten murrizketa % 0,5 eta % 7 artekoa izango da, eta Administrazio Publikoetako langile guztiei eragingo die.
Udalak ezin izango dira epe luzerako zorpetu 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra. Ekimenak polemika piztu du, hasieran dekretuak aurreikusten zuen epea aldatu egin baitute.
Halaber, 2.500 euroko "umetxo-txekea" kenduko dute, Gobernuko kideei % 15 jaitsiko dizkiete soldatak eta erretiro partziala hartzeko erregimen iragankorra bertan behera utziko dute.