Ekonomia -

ArcelorMittal

Sestaoko ACB lantegiak irailaren 9an ateak ireki ditzake berriro

Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute gaur eta enpresa batzordeak aukera horren berri eman badu ere, zuzendaritzak ukatu egin du balizko irekierarako data hizpide izan dutenik.

Sestaoko ACB lantegiko langileen protesta bateko irudia. Artxiboko argazkia: EiTB
Sestaoko ACB lantegiko langileen protesta bateko irudia. Artxiboko argazkia: EiTB
Sestaoko ACB lantegiko langileen protesta bateko irudia. Artxiboko argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko ACB lantegiak irailaren 9an ateak ireki ditzake berriro, enpresa batzordeko iturriek EiTBri baieztatu diotenez. Oporretatik bueltan, enpresa batzordeak eta ArcelorMittaleko zuzendaritzak bilera egin dute goizean eta batzarraren ostean aukera horren berri eman du enpresa batzordeak. Dena den, zuzendaritzak ukatu egin du balizko irekierarako data hizpide izan dutenik.

Langileei gaur amaitu zaizkie oporrak eta, momentuz Sestaoko ACB lantegia itxita dagoenez, aldi baterako lan erregulazio txostena aplikatuko zaie.

Juan Carlos Matilla LABek Sestaoko ACB lantegian duen ordezkariak ETBri adierazi dioenez, kostuak aurrezteko modu bat topatu duela azaldu die zuzendaritzak, besteak beste, lurzoruaren zati bat logistikako enpresa bati alokatuta eta Zamudioko I+G+B gunea Sestaora eramanda.

Halaber, kostuetan izandako murrizketa horiei altzairuak izandako prezio gorakada gehitu behar zaio. Baldintza horiek Sestaoko ACB lantegia irailaren 9an berriro zabaltzea ahalbidetu dezakete. Dena den, aurrez langileentzako formazio garai bat egongo litzateke.

Matillaren esanetan, ArcelorMittalen Espainiako zuzendaritzak eginiko proposamena da, baina ArcelorMittalen zuzendaritza nagusiaren onespena falta da.

Hala ere, zuzendaritzak ukatu egin du balizko irekierarako data mahai gainean jarri dutenik. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat lortu arte irekierarako datarik ez dela izango nabarmendu du.

Zuzendaritzako iturrien esanetan, ez da aldatu egoera eta abuztuaren 22an beste bilera bat egingo dute zuzendaritzak eta langileek.

ACB saltzeko aukera mahai gainean jartzeko eskatu dio Rementeriak ArcelorMittali

Sestaoko ACBren etorkizuna bermatzeko gai ez bada, lantegia saltzeko mahai gainean jartzeko eskatu dio Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ArcelorMittali.

"ACBren etorkizuna eta kalitatezko enplegua bermatuko dituen benetako industria plana eskatzen diegu euskal erakundeek ArcelorMitali. Europa mailan eredu izateaz gain, erreferentziazko lantegia ere bada bere ekoizpen sistemagatik", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak ABEEE kasuak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Lan gatazkak albisteak gaur