Ekonomia -
Greba orokorraren aukera
Lan-erreforma 'kaltegarria' bada greba deituko dute CCOOk eta UGTk
Murrizketen aurrean alternatibak proposatzen dituzte bi sindikatuek agiri batean. Era berean, lan-merkatua erreformatzeko akordioa lortzeko konpromisoa azaltzen dute.
Erredakzioa
Gobernuak langileentzat "kaltegarria" den lan-erreforma bat dekretu baten bidez onartzen baldin badu greba orokorra deituko dutela ohartarazi dute CCOO eta UGT sindikatuek.
Murrizketen aurrean alternatibak proposatzen dituzte bi sindikatuek agiri batean.
CEOE eta CEPYME patronalekin lan-erreforma negoziatzen ari dira UGT eta CCOO sindikatuak. Gobernuak ezarritako epearen arabera, erreforma maiatza amaitu baino lehen itxita egon behar du, bestela Exekutiboak dekretu bidez arautuko du.
Konpromisoa akordioarekin
Era berean, lan-merkatua erreformatzeko akordioa lortzeko konpromisoa azaltzen dute bi sindikatuek, "beharrezkoa eta premiazkoa delako". Pentsioen sistema publikoa defendatzeko, eta hau bideragarri izateko beharrezkoa dela erantsi dute.
Gainera, EBko herrialde ezberdinetan egiten ari diren "herstura plan gogorren" aurkako ekintzak planteatuko dituztela esan dute UGT eta CCOO sindikatuek.
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan, greba orokorra deitzea edo ez Gobernuaren erabakiak baldintzatuko du, eta baita indarrean sartzen den uneak ere.
Zentzu horretan, Gobernuak "lege-dekretuaren bideari" eusten baldin badio greba orokorra izango dela adierazi du Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak.