Ekonomia -
Hileta
Enpresen eta kulturaren munduek azken agurra eman diote Juan Celayari
Ehunka herritar bertaratu dira Oñatiko San Miguel elizara, enpresaburua zena agurtzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erakundeetako, enpresetako eta euskal kulturako ordezkariek azken agurra eman diote gaur Juan Celaya enpresaburua zenari, Oñatiko (Gipuzkoa) San Miguel elizan egindako hileta elizkizunean.
Ehunka herritar ere bertaratu dira, Oñatiko bizilagun ezagunetakoa izan baita.
Celayaren hil-kutxa 19:00etan heldu da elizara, eta txistulari banda batek harrera egin dio.
Besteak beste, honakoak izan dira hiletan: Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria, Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasun zuzendaria, Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko diputatua, Jose Luis Cimiano Arabako Ogasuneko diputatua eta Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilaria.
Juan Celaya Letamendi 1920an jaio zen, Oñatin, baina ikasketak Bilbon egin zuen. 1959an, sendiaren enpresa, Cegasa, zuzentzen hasi zen.
Celaya Cegasa, Tuboplast eta Hidronor enpresetako presidentea izan zen, baina haren enpresa-jarduera askoz zabalagoa izan zen, ardoaren eta kontserben sektoreetan ere aritu zelako.
Euskal kulturarekin ere harreman estua izan zuen, eta, horren ildotik, hainbat ikastola eta UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea sortzen lagundu zuen. Gainera, Everesterako Tximist espedizioa (1974) ere babestu zuen.