Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Zapateroren teoriak "hankaz gora" daude, Olanoren ustez
Halaber, funtzioarien soldatak igotzearen aldekoa dela esan du eta, adierazi duenez, momentu honetan, "ez dago" zergak igotzeko "beharrik".
Erredakzioa
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, nazioarteko egoera ekonomikoak eta Europako finantza egoerak, Greziatik hasita, Zapateroren teoriak eta diskurtsoak "hankaz gora" utzi dituzte.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, "argi dago" krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartu behar direla, baina "edozer gauza ezin dela egin" gaineratu du.
Ildo horretatik, "leku guztietan gauza bera" ezin dela egin ohartarazi du, eta baieztatu duenez, Gipuzkoan, Euskal Autonomia Erkidego osoan bezala, "neurriak hartu genituen".
Zentzu horretan, gogoratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek Patxi Lopez lehendakariari esan ziotela funtzionarien soldata izozteko neurriarekin bat datozela, % 2ko beherakada ezarri beharrean, atzo lehendakariak Eusko Jaurlaritzan iragarritakoa, alegia. Halaber, soldataren murrizketa ez da "komenigarria", Olanoren iritziz.
Era berean, gogoratu du Zapatero eta Patxi Lopezek balizko zerga igoera bat aipatu dutela; hala ere, momentuz "ez dago formula zehatzik eta orain daukaguna errealitatea besterik ez da", hau da, finantzaren ikuspuntutik "Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia baino hobeto dago".