Ekonomia -
Murrizketak Katalunian
120.000 eurotik gora irabazten dituztenei zergak igoko dizkiete
Neurri horien bidez 75 milioi euro gehiago jasotzea espero du Generalitatek.
Erredakzioa
Katalunian 120.000 euro baino gehiago irabazten dutenei pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) igotzeko akordioa lortu du hiruko gobernuak. Kataluniako zergadunen % 0,5i eragingo die neurria, Antoni Castells Ekonomia eta Finantza kontseilariaren arabera.
Urtean 120.000 euro baino gehiagoko errentei bi puntu (% 21,5etik % 23,5era) igoko diete, eta lau puntu (% 21,5etik % 25,5era) urtean 175.000 euro baino gehiago irabazten dietenei.
75 milioi euro gehiago biltzea espero du Generalitatek neurri hauekin.
2011an abian jarriko dute errenta altuei PFEZ igotzeko neurria.
Castellsen hitzetan, neurria errenta altuak dituztenei eragingo dienez, ez dio kalte handirik egingo kontsumoari, eta "baliteke beste erkidego batzuetan era honetako neurriak hartzea ere", esan du.