Ekonomia -
Enplegua
Langabeziak behera egin du maiatzean EAEn eta Nafarroan
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.652 langabe gutxiago zenbatu dituzte ( % 3,45), eta Nafarroan % 1,6koa izan da beherakada (676 langabe gutxiago). Estatuan bigarren hilabetez murriztu da langabezia.
Erredakzioa
Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoetan 4.652 langabe gutxiago zenbatu zituzten EAEn eta 676 gutxiago Nafarroan, maiatzean, apirilaren aldean.
Orotara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 129.648 langabe daude, apirilean baino % 3,45 gutxiago, baina 2009ko maiatzarekin alderatuz gero, 10.904 langabetu gehiago daude, hau da, hazkundea % 9,18koa izan da 12 hilabetetan.
Nafarroan, 41.696 langabe daude, % 1,6ko beherakada izan da apirilarekin alderatuz gero, baino langabeziak % 10,21 egin du gora iazko hilabete beraren aldean.
Bigarren beherakada jarraian, Estatuan
Espainiako Estatuan zenbatutako langabeen kopuruak behera egin du bigarren hilabetez jarraian maiatzean. Apirilean baino 76.223 langabe gutxiago daude, baina lau milioi baino gehiago izaten jarraitzen dute (4.066.202).
Urtebetean langabeziak % 12,13 egin du gora (446.063), baina iragan hilabeteko langabeziaren datua "ona" da eta azken bost urteetako beherakada handiena da, Maravillas Rojo Enpleguaren idazkari nagusiak adierazi duenez.
Ministerioaren izenean Enpleguaren idazkari nagusiak azaldu duenez, 2005eko maiatza kenduta, 1998ko uztailera arte joan behar da langabeziaren beherakada hain handia aurkitzeko.
Rojok uste du langabeziak bigarren hilabetez jarraian behera egiteak agerian uzten duela "enpleguaren suntsipena gelditzen" ari dela.
Sektoreka, langabezia zerbitzuetan (% 1,9), eraikuntzan (% 2,6), industrian (% 2,2) eta nekazaritzan (% 1,2) jaitsi da; baina hazi egin da aurretik lanik ez zutenen artean (% 1,1).