Ekonomia -

'Akordioa egon ala ez'

Zapaterok ekainaren 16an onartuko du lan-erreforma

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko bilera berri bat akordiorik gabe amaitu da, eta Gobernua eta agente sozialak lan-erreformari buruz eztabaidatzen jarraitzeko berriz bilduko dira datorren asteazkenean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapaterok iragarri du ekainaren 16an Ministroen Kontseiluan onartuko dutela lan-erreforma, sindikatuekin eta enpresariekin "akordio batera heldu ala ez".

Moncloa Jauregian egin duen agerraldian adierazi duenez, gizarte eragileekin adostasun batera iristea "ez da batere erraza izango".

Hitzarmenik ez badago, Gobernuak dagoeneko lan-erreformaren edukia prest daukala jakinarazi du. "Gure lan merkatuaren oinarrizko esparruetan izango du eragina", erantsi du.

Enplegua sortzeko, langabezia murrizteko eta lan-kontratu mugagabe gehiago sortzeko beharrezkotzat jo du lan-erreforma Zapaterok, eta "egun une guztiz egokia da horretarako"; izan ere, langabeziaren eta enpleguaren datuak "aldekoak" dira.

Dena den, langabezia datu guztiak iragankorrak direla aitortu du, eta ildo horretan, maiatzeko langabezia datuak "oso onak" direla azpimarratu du, 76.000 langabetu gutxiago baitago.

"Datu itxaropentsuak dira, eta lan-erreforma egoki batek datu horiek hobetzera lagunduko du", gaineratu du.

Beste bilera batek porrot egin du

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko bilera berri bat akordiorik gabe amaitu da gaur arratsaldean. Ondorioz, lan-erreformari buruz eztabaidatzen jarraitzeko berriz bilduko dira Gobernua eta agente sozialak datorren asteazkenean.

Celestino Corbacho Lan ministroa, Candido Mendez UGT sindikatuko idazkari nagusia, Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusia eta Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidentea berriro bildu dira gaur, jarrerak hurbiltzeko saiakera berri batean.

Hala ere, 19:30ean hasi den bilerak ez du akordiorik lortu. Batzarrak bi orduko iraupena izan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea