Ekonomia -
Dirua, modernizatzen
Bost liberako billete berria dute Erresuma Batuan, plastikozkoa
Ura jasaten du eta faltsutzen zailagoa da. Laster, 10 eta 20 liberako billeteak ere plastikozkoak izango dira.
Europa Press
Hilaren 13 honetatik, bost liberako billete berria dute britainiarrek kutxazainetan, polimeroz egindakoa (plastiko fin eta malgu bat).
Ingalaterrako Bankuak jakinarazi duenez, ura eta zikinkeria jasaten ditu, eta, beraz, denbora gehiago irauten du, paperezkoak baino bost urte gehiago, gutxi gorabehera.
Ingurumenari ere mesede egiten dio billete berriak, gehiago iraungo duenez, inpresio kopuru gutxiago egin behar dituztelako, eta energia eta garraioa aurreztea ekarriko du horrek. Horrez gain, birzikla daiteke.
Seguruago ere bada billetea. Faltsutzeak saihesteko, bazterrak kolorez aldatzen diren leihotxo garden bat du, eta horrek duen hologramak forma aldatzen du mugitzen denean.
Paperezko billeteak baino % 15 txikiagoak dira plastikozko hauek. Hala, tolestu eta diru-zorroan eraman daitezke, eta kontatzeko errazagoak ere ba omen dira.
Alde batean, Elisabet II.aren aurpegia du, eta bestean, Winston Churchillena.
Laster, 10 eta 20 liberakoak ere bai
Paperezko billeteak 2017ko maiatzera arte erabili ahalko dira. Hortik aurrera, Ingalaterrako Bankuan bakarrik aldatu ahalko dira.
Laster, 10 eta 20 liberako billeteak ere, polimeroz eginda egongo dira.
Munduan 30 bat herrialdetan erabiltzen dituzte plastikozko billeteak; besteak beste, Australian, Zeelanda Berria, Mexikon, Singapurren eta Kanadan.