Ekonomia -
Lanuztea Estatu osoan
Euskadi, funtzionarioen grebak jarraipen txikiena izan duen erkidegoa
- CCOOren arabera, Euskadin % 35 eta % 55 artean izaten ari da jarraipena.
- Estatuan, sindikatuek % 75,30ekoa zenbatu dute, eta Gobernuak % 11,85ekoa.
Erredakzioa
Espainiako sektore publikoaren langileen % 75,30ek&' || 'nbsp; egin dute bat CCOO, UGT eta CSI-CSIF sindikatuek Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak onartutako murrizketen aurka deitutako grebarekin, zentralek eurek ziurtatu dutenez. Exekutiboak, baina, % 11,85era jaitsi du portzentajea.
Espainia greba orokorraren atarian egon liteke. Izan ere, sindikatuek ez dute baztertu deitzea ekainaren 16an Exekutiboak lan merkatuaren erreformaren edukia ezagutarazi eta gero. Asteartekoa, beraz, balizko greba hori berotzeko deialdia izan liteke.
Funtzionarioen lanuzteak arrakasta izan duela adierazi du Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak, nahiz eta gutxieneko zerbitzuen bidez "greba egiteko eskubideari aizkorakada eman".
Madrilen, arratsaldean, egindako manifestaldian egin ditu adierazpenak Mendezek. Greba hau "beste askoren hasiera" izan daitekeela ohartarazi du UGTko buruzagiak, Gobernuaren eskuetan dago.
Bestalde, Gobernuak funtzionarioen grebako parte-hartze datuak "itxuraldatu" dituela salatu du Ignacio Fernandez Toxo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak, baita gutxieneko zerbitzuak ere.
Greban ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuak "auzitegietan erantzungo" dituztela ohartarazi dio Gobernuari Toxok.
Funtzionarioek Espainiako Gobernuaren murrizketa dekretuaren bi neurri nagusien aurka egin dute protesta: Soldaten % 5eko murrizketa eta pentsioen izoztea.
Sindikatuen arabera, neurriok "bidegabeak, desorekatuak eta ekonomiaren aurkakoak" dira.
GREBA&' || 'nbsp;EUSKADIN
Euskadin 150.000 langile ziren deituta greba egitera. Dena dela, Estatuan jarraipen txikiena izan duen erkidegoa izan da, sindikatu deitzaileek Madrilen aitortu dutenez.
Sindikatuen arteko zatiketa izan liteke kausetako bat, maiatzaren 25ean sindikatu abertzaleek egin baitzuten greba.
Euskal funtzionarioen soldata murrizketa txikiagoa izango da, % 2koa inguru. Hain zuzen ere, % 1ekoa izango da maila baxuko funtzionarioentzat, eta %5ekoa maila gorenekoentzat.
Euskadiko CCOO eta UGT pozik agertu dira grebaren garapenarekin, eta greba orokor abisua dela ohartarazi dute.
Eguerdian manifestazioak egin dituzte hiru hiriburuetan, eta milaka pertsonak hartu dute parte. Bilbon, "Gastu publikoaren murrizketari ez. Inposaketarik ez" zen leloa.
Unai Sordo eta Damaso Casado CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak Bizkaiko hiriburuko protestan izan dira. Euren hitzetan, greba "baldintzatuta" izan da "sindikatuen arteko zatiketaren" eta "greba orokor zurrumurruen" ondorioz.
Aitzitik, Patxi Lopez lehendakariak azpimarratu du greba "oso mugatua" izaten ari dela euskal Administrazio Publikoan.
Astearteroko Gobernu bileraren ostean, Lopezek azaldu du zerbitzu guztiak "normal" eskaintzen ari direla, eta eragina batez ere Justizian igarri dela.
Lehendakariak ziurtatu du errespetatu egiten duela deialdia, baina gaineratu du ez dela une egokia grebak egiteko. Horren ildotik, murrizketak "egin beharreko sakrifizioa" direla esan du.
Greba Nafarroan
Lanuzteak % 12,99ko jarraipena izan duela aditzera eman du Nafarroako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak.
Hain zuzen, 809 funtzionarioetako 99k greba egin dute eta 124k zerbitzu minimoak bete dituzte. Elma Saiz Gobernuko ordezkariaren ustez, "Espainiako Gobernuarentzat zailak dira hartutako erabakiak, baina beharrezkoak dira defizit publikoa murrizteko eta mundu mailako krisiari aurre egiteko".
Administrazioak
CCOO-Euskadi sindikatuaren datuen arabera, Lakuako langileen % 35ek egin dute bat grebarekin, eta % 45ek Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan eta ordezkaritzetan. Estatuko Administrazioan, jarraipena % 55ekoa da eta Foru Aldundietan % 40koa, aipatu iturrien esanetan.
Justizia Administrazioan % 50-55ek egin dute greba.
Bestalde, sindikatuak zehaztu du hainbat udaletan % 40koa dela jarraipena, hala nola Barakaldon, Bilbon, Getxon, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Galdakaon, Basaurin eta Ermuan. Gipuzkoakoetan % 30-35ekoa litzateke.
Garraioa
CCOOk esan du Metro Bilbaon langileen % 35ek egin dutela greba, % 40k EuskoTrenen eta % 45ek Feven.
Beren aldetik, EuskoTrenek eta EuskoTranek nabarmendu dute eguneko lehen orduetan % 100ean eskaini dutela Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Halaber, gainerako zerbitzuen "zati handi bat" ere "normal" ari direla erantsi dute.
Konpainiok tren zerbitzuak dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan; funikularra Trapagaranen; tranbiak Bilbon eta Gasteizen eta hainbat autobus linea.
Fevek ziurtatu du gutxieneko zerbitzuak betetzen ari direla, eta ez dela aparteko gertakizunik jazo.
Osasuna
CCOOren arabera, Euskadiko osasun sistema publikoan jarraipena % 25ekoa izan da, eta eragina anbulatorioetako eta ospitaletako arreta espezializatuan nabaritu da batik bat.
Beste zerbitzu batzuk
Sindikatuen datuak oinarri hartuta, Posta zerbitzuan % 25ekoa izan da greba, AENAn % 55ekoa, euskal portuetan % 35ekoa, INEMen % 55ekoa eta Estatu Ogasunean % 50ekoa.
Gertakizunak
Eguna istilu aipagarririk gabe hasi bada ere, pikete informatibo batek Bilboko Portuko sarrera blokeatuta izan du minutu batzuetan, eta ondorioz auto-ilarak eratu dira A-8 autobidean, Santurtzi parean, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Aipatu iturriak azaldu duenez, 07:30ean, 30 pertsonak osatutako pikete informatibo bat Bilboko Portuko sarrerara bertaratu da, eta panfletoak banatu ditu.
Portuan sartzea galarazi dute, eta ondorioz ilarak eratu dira autobidean, baina handik eta minutu batzuetara Ertzaintza joan da eta arazoak konpondu dira.