Ekonomia -
MANIFESTAZIOA
'Patronalaren mesederako' egindako akordioa salatu dute ELAk eta LABek
Bi sindikatuok salatu dutenez, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak izenpetutako akordioak patronalari bakarrik egiten dio mesede, eta ez langileei.
EITB.EUS
ELA eta LAB sindikatuek deituta, milaka lagun atera dira kalera Gasteizen, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak adostutako akordioa salatzeko. Bi sindikatuok salatu dutenez, uda aurretik akordio "antidemokratikoa" adostu zuten negoziazio kolektiboaren inguruan Jaurlaritzak, Confebask patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek."Iruzurrik ez! langileon hitza errespetatu" lelopean, manifestazioa 10:30ean atera da Posta Plazatik, eta Lehendakaritzaren egoitzaren aurrean amaitu da, ekitaldi labur batekin. Sindikatu abertzaleok gogora ekarri dutenez, mobilizazioaren helburua uztailaren 22an Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboaren inguruan lortutako akordioa salatzea izan da. "Gutxiengo sindikalarekin sinatutako akordioa dugu, demokraziaren joko-arauak hautsi eta patronalaren interesei mesede egiten diena. Azken finean, arrakasta berri bat soldaten jaitsiera eta lan-prekarietatea handitzea lortu nahi duen patronal batentzat", esan dute. Adolfo Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "Eusko Jaurlaritzak patronala babestea erabaki du, honek nahi duen solaskidea hautatu eta, hauteskunde sindikalen emaitzak mespretxatuz, lan-baldintzak beren nahieran ezartzeko". "Berdin dio hautatu duten sindikatuak zer ordezkaritza-maila duen, % 49koa edo % 5ekoa. Nahi dutena aukeratu dezakete. Gure ustez, gobernuak patronalari ematen dion laguntza hori askatasun sindikalaren aurkako eraso bortitza da", gaineratu du. Haserre agertu da Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere, sindikatuen arteko lehian kokatu nahi izan delako negoziazio kolektiboari buruzko akordioa. Horren hitzetan, "benetan jokoan dagoena Confebask patronalaren boterea da". "Enpleguaz hitz egiten da behin eta berriro. Norbaitek pentsatzen al du lan-munduaren egoera alda daitekeela patronalaren aurrean jartzen garen sindikatuak erditik kenduta?", azpimarratu du. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren akordioa babestuko duten edo ez hauteskunde kanpainan argitu dezatela eskatu diete Etxaidek eta Muñozek alderdi politikoei, eta gehiengo sindikalaren demokrazia errespetatzeko eskatu diete. ELAren iritziz, "uztailaren 22koa bezalako akordioek gero eta zailagoa egiten dute jakitea Jaularitzako ordezkariek hitz egiten dutenean interes publikoaren edo patronalaren ordezkari gisan egiten duten". "Horregatik esaten dugu gobernu hau erabakitze-eskubidearen alde dagoela... baina patronalaren eskubideen alde. Gobernua ahalegintzen da gizartearen orekak galtzen, enpresarien alde", esan du Muñozek. Etxaideren aburuz, "beste behin, Iñigo Urkulluren gobernuak iruzur egin dio euskal langilegoari". "Euskal esparruaren aldeko akordioa dela dioten arren, praktikan kontrako norabidean doaz. Erabaki antidemokratikoa izateaz gain prekarietatean sakontzeko beste bide bat da honako hau", zehaztu du.
Toñaren eta Garcinuñoren erantzuna
Berehala etorri da Angel Toña Enplegu sailburuaren erantzuna. Horren iritzian, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak adostutako akordioaren helburua "kalitatezko enplegua" sortzea da. Gogor kritikatu du ELAk eta LABek mahai horretan parte ez hartzeko hartutako erabakia. Toñaren iritzian, "ezinbestekoa" da erabakiak hartzen diren foroetan egotea.
Gasteizen gaur egin duten manifestazioaren aurrean "errespetua" adierazi du sailburuak, baina Eusko Jaurlaritzak ez duela sindikaturik baztertzen esan du. "ELAk eta LABek, gainerako eragileek bezala, dagokien lekua dute eta izango dute, beti. Demokrazia partehartzea da, baina baita konpromisoa ere", esan du.
Bestalde, Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren presidenteak adierazi du ELAk eta LABek gizarteari iruzur egiten dietela, "interes politikoak langileen interesen aurretik jarrita". Gaurko manifestazioa ere, sindikatuon "estrategia politikoaren baitan" kokatu du.
Garcinuñoren iritzian, berdin dio pankartan zer jarri, kontua "kalera ateratzea eta kanpainaren erdian Eusko Jaurlaritzaren kontra agertzea" izan da.