Ekonomia -

Erreforma fiskala

Andaluziak eta Extremadurak errenta altuenei PFEZ igoko diete

Juntako presidenteak beste sei neurri jakinarazi ditu, tartean, Gordailuen Zerga Andaluziako Kreditu Erakundeetan izenekoaren sorrera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andaluziako Gobernuak 80.000 eurotik gorako errentei PFEZ igoko diela eta banketxeen gordailuei zerga bat jarriko die aditzera eman du gaur Jose Antonio Griñan Juntako presidenteak.

Hain zuzen, Andaluziako Exekutiboak PFEZaren hiru tarte eratuko ditu 2011tik aurrera: 80.000 eta 100.000 euro bitarteko errentek % 22,5eko zergak ordaindu beharko dituzte; 100.000 y 120.000 euro bitartekoek, % 23,5 ordaindu beharko dute; eta 120.000 eurotik gorako errentek % 24,5eko zergak ordaindu beharko dituzte.

Neurri hori multzo baten baitan kokatzen da eta hiru helburu dituzte: diru-sarrerak handitu eta diru-bilketa fiskala hobetu; gastu publikoa murriztu eta sektore publikoa berregituratu.

Gordailuen Zerga Andaluziako Kreditu Erakundeetan

Griñanek, gainera, beste sei neurri jakinarazi ditu, tartean, finantza sektoreari zuzendutako Gordailuen Zerga Andaluziako Kreditu Erakundeetan izenekoaren sorrera.

Hori horrela, % 0,3 ezarriko zaie gehienez 150 milioiko gordailuei; % 0,4 gehienez 600 milioiko gordailuei eta % 0,5, 600 milioi gorakoei.

Extremadurak ere PEFZ igoko du

Extremadurako Gobernuak ere 60.000 eurotik gorako errentei PFEZ % 0,5 eta 120.000 eurotik gorakoei % 3 igoko dietela jakinarazi du; gainera, banku-gordailuen zerga % 15 igoko dutela esan du Guillermo Fernandez Vara Extremadurako presidenteak.

Orotara sei zerga igoko dituzte, besteak beste, potentzia handiko ibilgailuen gaineko zerga, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga eta eraiki gabeko lurren gaineko zerga bertan behera utziko dute.

Fernandez Varak 12 neurri aipatu ditu krisiari aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea