Ekonomia -
Gezurtatu egin dute
Gobernuak ukatu egin du Espainiak EBren erreskate plana beharko duela
Errefusatu egin du Financial Times Deutschland-ek argitaratutakoa. Bertan, Europako herrialdeak Greziari emandako laguntzaren antzerakoa emateko prestatzen ari direla ziurtatu dute.
Erredakzioa
Espainiako Ekonomia Ministerioak "erabat ukatu" du Financial Times Deutschland egunkariak argitaratutako informazioa; Greziaren ondoren, laguntza jaso beharko duen estatua Espainia izango dela ziurtatu du eta. Espainiak Europar Batasunak, Europako Banku Zentralaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntzarekin, eratu duen 750.000 milioi euroko egonkortasunerako funtsera jo beharko duela dio egunkari alemaniarrak.
Elena Salgado buru duen Ministerioak uste du egunkariak argitaratutakoak ez duela "zentzurik eta sinesgarritasunik", hori dela eta, Ministerioak "erabat ukatu" du artikuluan aipatzen dena, "faltsua" delakoan.
Financial Times Deutschland-ek ezkutuko iturriak aipatuta azaldu duenez, "datozen hilabeteetan" izan liteke Espainiaren erreskatea, nahiz eta Europako Batzordeko bozeramaile batek egunkari alemaniarrari esan ez dagoela "Espainiak laguntza beharko duen zantzurik".
Egunkariak dio Espainiaren arazoa, Greziakoaren aldean, ez dagoela kontu publikoen desorekan, baizik eta herritarren eta enpresen gehiegizko zorpetzean, higiezinen burbuilak eztanda egiteagatik. Horrekin, berankortasuna haz litekeela eta horrek finantza sektoreari eragingo liokeela gaineratu du.
Hori horrela, egunkariak gogorarazten du Herman Van Rompuy Europar Batasunaren presidenteak atzo egin zuen iragarpena: behar izanez gero 750.000 milioi euroko funtsa handituko dutela.
Europako Batzordeak ez du erreskatatzeko beharraren berri
Europako Batzordeak gaur esan du ez duela Espainiak erreskatea eskatzeko asmoen berri eta azpimarratu du espekulazio horiek ez dutela “zentzurik”.
“Europako Batzordean ez dugu eskari hori prestatzen ari direnaren berri. Kontrakoa, uste dugu Espainia beharrezko neurriak hartzen ari dela finantzen egonkortasuna bermatzeko, ez Espainiarena bakarrik gainera, Eurogune osoarena baizik”, adierazi du Amadeu Altafaj Gai Ekonomikoen bozeramaileak.
Bozeramaileak “aurrekontuen austeritate plana” azpimarratu du eta gutxi barru onartuko duten “lan merkatuaren erreforma” ere aipatu du.
“Elena Salgado presidenteordeak hitz eman digu beharrezko neurriak hartuko dituztela defizita murrizteko, eta finantzen egonkortasuna bermatzeko. Hori dela eta, espekulazio horiek zentzurik ez dutela uste dugu”, gaineratu du Altafajek.