Ekonomia -
Seulgo burtsan
Samsungen gorakada txikia Burtsan, Note 7ak eragindako galeren ostean
Akzioek % 8,04 egin zuten behera asteartean, eta % 0,65 galdu dute asteazkenean.
agentziak | erredakzioa
Samsung Electronicsek aste honetan Seulgo Burtsan galdutakoaren zati bat berreskuratu du, Galaxy Note 7 telefonoak ematen dituen arazoak direla-eta merkatutik kentzeko erabakia hartu ondoren.
Hego Koreako enpresaren akzioek 1,557 milioi woneko balioa (1.244 milioi euro/1.371 milioi dolar) izan zuten asteazkenean, Burtsa itxi aurretik. Beraz, % 1,43 berreskuratu du, bertako burtsa ireki zutenetik gorantz kotizatu ondoren.
Asteartean, Samsungek telefono berriaren salmentak geldiaraziko zituela iragarri zuenean, akzioek % 8,04 egin zuten behera (2008tik izan duten beherakadarik handiena), eta % 0,65 galdu zuten asteazkenean, modelo horren ekoizpena bertan behera utzi ondoren behin betiko.
Era berean, enpresak hirugarren hiruhilerako aurreikuspenak nabarmen murriztuko zituela iragarri zuen bezperan, orain arte 2 milioi telefono baino gehiago saldu eta gero, horien truke ordaindutakoa itzuli beharko baitie bezeroei. 882 dolarreko balioa du telefono horrek AEBn, eta 859 eurokoa EBn.
Ondorioz, Samsungek 47 bilioi wonera (37.859 milioi euro/41.852 milioi dolar) jatsi du bere fakturazioaren aurreikuspena, aurretik iragarritakoa baino % 4,09 gutxiago eta 2015eko hirugarren hiruhilekoan irabazitakoa baino % 8,94 gutxiago.