Ekonomia -
Deskontuak saltokietan
'Bono Denda' kanpaina azaroan egingo du Bizkaiak
20.000 bonu jarriko dituzte salgai azaroaren 4tik abenduaren 3ra arte.
Agentziak | Erredakzioa
'Bono Denda'ren udazkeneko kanpaina hilabete aurreratzea erabaki du Bizkaiak, eta, hala, abenduan barik, azaroan zehar erabili ahalko dira ehunka denda bizkaitarretan merkeago erosteko bonuak.
Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena sustatzeko foru diputatuak azaldu duenez, Bizkaiko saltoki txikiak babestea du helburu kanpainak.
Hain justu, dendariek eskatuta, kanpaina azarora aurreratzea erabaki dute Foru Aldundiak eta Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresaburu Konfederaziok. Hori horrela, azaroaren 4tik hasita eta abenduaren 3ra arte gastatu ahalko dira bonuak.
Merkatari "gehienen" esanetan, azaroa ez da Gabonetako hilabetea bezain "arrakastatsua". Bilbao Dendak, Bizkaidendak, Ezkerraldenda eta Getxo Enpresa elkarteek bat egin dute ekimenarekin.
20.000 bonu jarriko dituzte salgai, Pradalesek zehaztu duenez.
Non eta zelan erosi
Aurreko urteetan bezala, 40 euro ordainduta, 50 euroko erosketa egiteko aukera izango du kontsumitzaileak.
Kutxabanken orotariko kutxazainetan zein Cecobiren eta Kutxabanken webguneetan erosi ahalko dira bonuak. Internet bidez eskuratuz gero, kutxazainetan jaso beharko du kontsumitzaileak.
Kanpainarekin bat egin duten saltokiek bereizgarria izango dute erakusleihoan edo atean.