Ekonomia -
Iruzur fiskala
Fiskaltzak 64 urteko kartzela-zigorra eskatu du Aristrainentzat
Madrilgo Fiskaltzaren arabera, 211 milioi euroko iruzurra egin zion Ogasunari 2005 eta 2009 bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Maria Aristrain enpresaburu gipuzkoarrari 64 urteko kartzela-zigorra eta 1.190 milioi euroko isuna jartzeko eskaera egin dio astearte honetan, azaroak 8, Madrilgo Fiskaltzak Pozuelo de Alarcongo (Madril) epaileari. Antza denez, 211 milioi euroko iruzurra egin zion Ogasunari 2005 eta 2009 bitartean.
Ildo horretatik, dirutza hori itzularazteko eskatu dio Madrilgo Fiskaltzak epaileari, horretarako ardura zibila arrazoituz. Halaber, gutxienez hamabost delitu egin izana leporatzen dio enpresaburu gipuzkoarrari.
Ministerio Fiskalak egindako idatziaren arabera, 1998an Aristrainek JMAC BV korporazioa sortu zuen Herbehereetan, herrialde horretako errenta-sistema bere mesederako erabiltzeko. Horrela, Ogasunari iruzur egitea eta zergen ordainketa saihestea lortu zuela uste du Fiskaltzak.
Gainera, Luxenburgon eta nazioarteko beste herrialde batzuetan ere Herbehereetako estrategia berdina erabili zuela dio Fiskaltzak. Aristrainek lortutako etekin batzuk ekarri zituen bueltan, baina beste asko paradisu fiskaletan ezkutatu zituen; Maltan eta Birjina uharteetan, besteak beste.
Hala, Arcelor SA, ArcelorMittal SA eta Arcelor Mittal Steel enpresekin lortutako irabazien gaineko zergen iruzurra egin zuen Aristrainek. Madrilgo Fiskaltzaren arabera, 211 milioi euroko iruzurra egin zion Ogasunari 2005 eta 2009 bitartean.
Bestalde, Maltan sortu zuen sozietatearen bidez, bere mesederako erabiltzen zuen dirua desbideratzen zuen enpresaburu gipuzkoarrak. Diru horri esker, Suitzan duen etxea, luxuzko ibilgailuak eta itsasontziak ordaindu zituen.