Ekonomia -

Ainhoa Etxaideren ondorengoa

Garbiñe Aranburu proposatu dute LABeko idazkari nagusi kargurako

Azken urteetan ekintza sindikaleko buru izan da Aranburu. Zuzendaritzak Igor Arroyo proposatu du Aranbururen alboko gisa.

Gaur aurkeztu du LABek 9. Biltzar Nagusia. Argazkia: EiTB
LABen 9. Biltzar Nagusiaren aurkezpena. EiTB
Garbiñe Aranburu, LABeko hurrengo Idazkari Nagusia izango da

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABen egungo zuzendaritzak Garbiñe Aranburu proposatuko du idazkari nagusirako eta Igor Arroyo haren alboko izateko. Sindikatuak 9. Biltzar Nagusia egingo du 2017ko maiatzean, eta zuzendaritza eraberritzeko proposamena egin du. Izan ere, Ainhoa Etxaidek, bederatzi urtez sindikatuko buru izan denak, ez du bere burua aurkeztuko, eta erreleboa emango du.

Afiliatuek Gasteizen maiatzaren 25ean eta 26an eta "LAB 4.0 Gure Garaia" lelopean egingo duten Biltzarrean onartu beharko dute zuzendaritza berria.

Hain justu, biltzarra aurkezteko prentsaurrekoa eman dute Etxaidek eta Jabi Garnika haren albokoak. Bertan nabarmendu dutenez, maiatzeko hitzordura "etxeko lanak eginda" helduko da LAB, eta, hala, "lekukoa hurrengoei ematea" erabaki dute.

Etxaideren esanetan, Aranburu eta Arroyo "errelebo egokiak dira, eskarmentu eta gaitasuna behar beste erakutsi dute". Aranburu ekintza sindikaleko arduraduna izan da azken urteotan, eta 2004tik dago LABen. Arroyok Nafarroako Antolaketaren estrategia garatu du.

Biltzarrarekin, "garai berri bati" ekingo dio LABek, eta proposatu duten zuzendaritza berri horrekin "ziklo berri baten erronkei erantzuteko" gai izango direla esan du Etxaidek.

ELA, bidelagun

Garai berri horren helburuak hizpide, sindikatuen arteko aliantzen beharra azpimarratu du Etxaidek. Ingurumaria horretan, ELA hartu du ahotan: "Ziur gara aliantza ahalbideratuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela. Alintza sendo eta egonkor bat eraiki behar dugu".

CCOOrekin eta UGTrekin aliantzak egitea baztertu du Etxaidek. Horren esanetan, bi sindikatuok ez dute Euskal Herrirako agendarik, eta "patronalaren aliatu izateko borondatea dute".

"CCOO eta UGT ez dira abertzaleak, baina lan harremanen euskal esparrua ez da abertzaleon aldarrikapen bat. Arlo horretan, akordioa lor genezakeen, baina muzin egin diote euskal agenda osatzeari", deitoratu du.

"Etxeko lanak, eginda"

Bederatzi urteotako balorazioa ere egin du Etxaidek prentsaurrekoan. Horren hitzetan, sindikatua "eraberritzeko eginkizuna" zuen Jabi Garnikak eta biek zuzendutako taldeak, eta agindua bete dutelakoan dago. "Bitzarrera etxeko lanak eginda iritsiko gara", azpimarratu du.

Etxaideren aburuz, bere taldeak kudeatzen zaila izan den garai batean jardun du: "Krisi ekonomikoari, sindikalismoaren krisiari, estatu-kolpe izan diren erreforma kapitalistei eta ezker abertzalearen estrategia aldaketari egin diogu aurre, baina emaitza positiboa izan dugu".

"LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu, lan eta gizarte egoera guztiz aldatu delako", nabarmendu du.

LABen ustez, "bada garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen burujabetza prozesua abian jartzeko", eta horretarako "badaude aukerak", esan du Etxaidek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Ekonomia albisteak