Ekonomia -
Enplegua
Langabeen % 30ek bi urtetik gora daramatzate lanik gabe
Egailanen ikerketa baten arabera, langabeen erdia emakumezkoak dira EAEn, baina gizonezkoak dira prestazio gehien jasotzen dituztenak.
Erredakzioa
Langabeen % 30,4ek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bi urtetik gora daramatzate lanik egin gabe eta horietako % 41,7ek ez dute inolako prestaziorik edo saririk jasotzen.
Egailan, Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide) kudeatzen duen sozietateak egindako ikerketa batean jasotzen dira datu horiek. Euskal Enplegu Zerbitzuko otsaileko datuak erabili dituzte ikerketan, orduan, 192.802 pertsonek izena emana zuten.
Langabeen % 30,4 EAEn iraupen luzekoa direla ondorioztatzen du ikerketak: % 41,7ek ez dute prestaziorik jasotzen, % 31,2ek langabezia-saria kobratzen dute eta % 27,1 langabeziako sorospena edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak dira.
Herrialdeei dagokionez, Bizkaiak du prestazioak jasotzen ez dituen langabe kopuru handiena.
Emakume langabeak
Langabeen erdia emakumezkoak dira EAEn, baina gizonezkoak dira prestazio gehien jasotzen dituztenak.
Diru-sarrerak bermatzeko errentak edo sorospenak jasotzen dituzten emakumezkoen % 61,5ek, 45 urtetik gora dituzte.
Enplegu-erregulazioko espedienteen kopuruak behera egin du
2010eko urtarriletik maiatzera 979 enplegu-erregulazio espediente baimendu dira, 2009ko epe berean baino % 12,35 gutxiago, Carlos Zapatero, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuordeak jakinarazi duenez.
Urteko lehen bost hilabeteetan, % 53 jaitsi da espedienteek eragindako langileen kopurua; iaz 35.453 langile ziren kaltetuak eta aurten 16.525.
Egun 1.366 espediente daude indarrean, eta 29.388 langileri eragiten diete.1.366 espediente horietatik, 640 (% 47) 2. espedienteak dira eta 15.401 langile hartzen dituzte (egun EEEtan dauden langileen % 52).