Ekonomia -
Enplegua
Sidenorrek aldi baterako lan-erregulazioko espedientea iragarri du
Konpainiak Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Katalunian ditu lantegiak eta horietan guztietan ezarriko du neurria.
Agentziak | Erredakzioa
Sidenorrek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztuko du bere lantegi guztietan eta zuzendaritzak sindikatuekin negoziazioak hasiko ditu azaroaren 28an.
Enpresak 'Lan Egokitzapenerako Plana' egin du eta egitasmo horrek aldi baterako EEEa aurreikusten du. "Lantegi guztietan ezarriko dugu, egungo eta etorkizuneko lan-kargen arabera", zehaztu du ohar batean.
"Produkzioaren beharren arabera, erabakiak azkar eta modu antolatutan hartzeko bitarteko bat izan nahi dugu, betiere sindikatuekin adostuta", azaldu du.
Neurri horiek ezarrita eta inbertsio berriak eginda, "lehiakortasuna" berreskuratu nahi du zuzendaritzak, "Sidenorren etorkizuna eta lanpostuak bermatzeko".
Enpresaren arabera, planak biltzen dituen neurriak "malguak eta ez-traumatikoak" izango dira.
Sidenorrek Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Katalunian ditu lantegiak. Urtean milioi bat tona altzairu berezi ekoizten ditu.
Ordezkaritza komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Italian.
Egun, 2.300 pertsonek egiten dute lan Sidenorren.