Ekonomia -

Lan-gatazka

Sidenorreko aldi baterako lan-erregulazio planak bi urtez iraungo luke

Plana 2017an eta 2018an ezarri nahi du zuzendaritzak, eta horrek lanaldia bataz beste erdira murriztea eragingo luke.

Sidenorren lantegi bat.
Sidenorren lantegi bat.
Sidenorren lantegi bat.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenor siderurgia taldeak iragarritako aldi baterako lan-erregulazio plana datozen bi urteetarako (2017 eta 2018) izango litzateke eta lanaldiak, bataz beste, % 50eko murrizketa izatea ekarriko luke, enpresaren arabera eragina ezberdina izango litzatekeen arren.

Zuzendaritza eta sindikatuak gaur bildu dira Basauriko lantegian, espedienteari buruzko kontsultak egiteko eta aldi baterako enplegu-erregulazioko txostena negoziatzeko mahaia eratu dute.

Zuzendaritzak arazo ekonomikoak, antolakuntzakoak eta produkziokoak aipatu ditu aldi baterako lan-erregulazio plana justifikatzeko.

Galera ekonomikoak eta lehiakortasun falta Gerdau konpainia brasildarraren baitan zegoenean hasi zirela dio zuzendaritzak, sindikatuen arabera.

Espediente honek Sidenorreko 2.000 langilerengan izango du eragina eta lanaldia bataz beste % 50 murriztea suposatuko du, enpresaren arabera zenbateko hori txikiagoa edo handiagoa izango bada ere.

Lanaldiaren murrizketa % 50ekoa izango da Basauriko bulegoetan eta Legazpiko eta Azuquecako (Guadalajara) lantegietan; Reinosako fabrikan % 75ekoa; Azkoitikoan % 62koa; Maltzagakoan % 100ekoa; Gasteizkoan eta Legutiokoan % 35ekoa; Basauriko lantegian % 20koa; eta Polinyakoan (Bartzelona) % 39koa.

Horrez gain, bestelako neurriak ere proposatu ditu enpresak, hala nola, malgutasuna, erretiro partzialak, egutegiak egokitzea eta lekualdaketak egitea. Neurri horiek guztiak beste negoziazio kolektiboaren baitan eztabaidatu beharko liratekeela uste du LSB-USO sindikatuak, eratu berri den mahaian aldi baterako lan-erregulazioko txostena negoziatzeko baita.

Sindikatu hori espedientea negoziatzeko prest agertu da, baldin eta enpresak beharrezkoa dela justifikatzen duen industria-plana aurkezten badu. Era berean, etorkizunean lanpostuak arriskuan egongo ez direnaren bermeak eskatu ditu.

ELA sindikatua bileran jasotako informazioa aztertzen ari da eta oraingoz ez du baloraziorik egin.

Hurrengo bilera abenduaren 1ean egingo dute, Basauriko lantegian. Alde batean, enpresaren ordezkaritza izango da eta, bestean, sindikatuak: UGT, CCOO, USO, ELA, LAB, ESK eta CSIF.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Basauriko albisteak Langabezia 2024 Lana albisteak Ekonomia berriak Azkoitia albisteak Gaurko azken orduko albistea