Ekonomia -
2011koak
EAJk aurrekontuak negoziatzea eskaini du autogobernu gehiagoren truke
Urkullu Zapateroren Gobernuarekin Estatuko Aurrekontuak negoziatzeko prest agertu da, horrek autogobernua garatzeko bidea ematen badu, izan ere, aurrekontuez bakarrik hitz egiteko ez da bilduko.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidentea Espainiako Gobernuarekin datorren urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko prest agertu da, euskal autogobernua garatzearen truke.
Bilbon emandako prentsaurreko batean, Urkulluk EAJren hurrengo sei hileko ildo ekonomikoa aurkeztu du, eta bertan eskaini dio Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuari aurrekontuak negoziatzea.
EAJren presidenteak, hala ere, oharra igorri dio: ez dela aurrekontuez bakarrik hitz egiteko negoziazioetan murgilduko eta azpimarratu du Espainian ekonomia krisiaz gain, krisi politikoa eta instituzionala ere badaudela.
Urkulluk ez du zehaztu nahi izan zer den "euskal autogobernuari buruzko akordio gustagarri bat" eta eskariak "zuzenean" Zapaterori helaraziko dizkiola esan du, eta Gobernuko presidentearen erantzuna jasotzen duenean egingo omen du publiko.
Haren esanetan, EAEk Gernikako Estatutuan agertzen diren eskumenen "zatiketa" eta "autogobernuaren garapenaren etenaldia" pairatzen ditu. Adibide gisa Juan Jose Ibarretxe lehendakariak sustatu eta Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutu Politiko Berria 2004ean atzera bota zutela gogoratu du.
Urkulluk espero du Zapatero egoera politikoaren eta parlamentarioaren "jakitun" izango dela eta "EAJren aldeko apustua egin badu hitz egiten lehena izateko, argi jakin behar du ezin dela egonkortasunik egon PSOErekin gai ekonomikoen inguruan bakarrik hitz eginda".