Ekonomia -
Gastu murrizketa
Eusko Legebiltzarrak funtzionarioen soldatak jaistea onartu du
PSE-EEk eta PPk neurriaren aldeko botoa eman dute, EAJk abstentzioa eman du eta Aralarrek, UPyDk, EAk eta EBk kontra bozkatu dute. 100 milioi euro aurreztu nahi dituzte langileen soldatetan.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du Euskal Administrazio Publikoko goi kargudunen eta funtzionarioen soldatak jaisteko legea, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Aralarren, UPyDren, EAren eta EBren kontrako botoekin.
100 milioi euro aurreztea da funtzionarioei eta enpresa publikoetako langileei eragingo dien neurri horren helburua. Hala ere, itunpeko ikastetxeetako langileei ere murriztuko dizkiete soldatak.
Legebiltzarreko eztabaidan, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak neurria babestu du "ekonomiaren susperraldia arriskuan ez jartzeko" eta "zorpetze maila murrizteko".
Antonio Damborenea PPren ordezkariak esan du bere alderdiari esker Espainiako Gobernuaren dekretuak baino "kalte gutxiago" egingo duela Legebiltzarrak onartutako legeak. Ane Urkiola EAJren legebiltzarkideak kritikatu egin ditu bai legea bai tramitatzeko modua, eta Jaurlaritzak murrizketak egiteko "sinesgarritasunik ez" duela iritzi dio.
Murrizketak
Maila baxueneko funtzionarioei % 0,56 murriztuko diete soldata ekaina eta abendua bitartean, eta maila altuenekoei % 2,86.
Goi-kargudunei dagokienez, lehendakariaren soldata % 5,86 murriztuko dute, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek % 4,86 gutxiago kobratuko dute.
Uztaileko nominan murriztuko diete soldata, baina alde handiena ez da hileroko soldatetan nabariko, Gabonetako aparteko soldatan baizik.
2010eko Aurrekontuak aldatzen dituen lege hori irakurketa bakarrez onartu dute, hau da, Eusko Jaurlaritzaren proposamenez bakarrik dago osatuta, Legebiltzarreko taldeen zuzenketarik gabe.