Ekonomia -
Auzitegi Gorena
BBVAk 182.500 euro itzuli beharko ditu, finantza-ekarpenengatik
Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du 1.200 finantza-ekarpenen erosketa, eta inbertitutako dirua, interesak eta eragindako gastuak ordaindu beharko dizkie BBVAk kaltedunei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eroskiko finantza-ekarpen subordinatuengatik BBVAk 182.500 euro itzuli beharko dituela berretsi du Auzitegi Gorenak, baimena eman zuenean akatsa egon zela eta finantza-erakundeak ez ziela bezeroei produktuen konplexutasunari buruzko informazio egokia eman argudiatuta.
Auzitegi Gorenak Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epai baten kontra jarritako helegitea aintzat hartu du. BBVAk ez zuela dirua itzuli behar ebatzi zuen Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, aurrez Bilboko Merkataritza-arloko epaitegi batek hartutako erabakiaren aurka.
Abenduaren 1eko data duen epaiaren arabera, Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du 1.200 finantza-ekarpenen erosketa, eta inbertitutako dirua, interesak eta eragindako gastuak ordaindu beharko dizkie finantza-erakundeak kaltedunei.
Epaian irakur daitekeenez, Eroskiko finantza-ekarpenak 2004an eta 2007an erosi bazituen ere, salatzaileak ez zuen 2013ko urtarrilaren 31ra arte jakin benetan zer erosi zuen.