Ekonomia -
Langabeak
Gobernuak ukatu egin du 420 euroko laguntza kenduko duela
Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak esan du mantendu egingo dutela "krisiaren ondorio latzenak pairatzen ari diren pertsonei laguntzeko babes soziala".
Erredakzioa
Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuaren lehenengo presidenteordeak ziurtatu du ez dutela diru-saririk jasotzen ez duten langabeentzako hileroko 420 euroko diru-laguntza kenduko.
Telecincori emandako elkarrizketa batean Fernandez de la Vegak adierazi duenez, Gobernuak mantendu egingo du "krisiaren ondorio latzenak pairatzen ari diren pertsonei laguntzeko babes soziala".
"Ez da kenduko", berretsi du presidenteordeak 420 euroko laguntzei buruz galdetu diotenean.
BEZ
Bihar indarrean sartuko den BEZaren igoerari dagokionez, defizita murrizteko neurrietako bat dela gogorarazi du De la Vegak eta horrekin "diru-sarrera handiagoak" izango omen dituzte "laguntza sozialak emateko".
Fernandez de la Vegak azpimarratu du Espainian zerga hori "Europako batez bestekoaren azpitik" dagoela eta igoerak "oso eragin txikia" izango duela "herritarren poltsikoan". Hori dela eta, "kontsumoak ez duela atzera egingo" espero du.