Ekonomia -
Arau zorrotzagoak
2011tik aurrera bankarien hobariak mugatzea adostu du EBk
Arau berriaren arabera, pizgarrien % 30 ordainduko dira soilik esku-dirutan, eta hobari oso handien kasuan % 20ra arte jaitsiko dute muga hori.
Erredakzioa
Europar Batasunak arau zorrotzagoak adostu ditu gaur eta 2011tik aurrera bankarien eta burtsako agenteen hobariak mugatzea erabaki du, izan ere, krisi ekonomikoaren erantzule direla uste du, epe laburrera mozkinak lortzearren arrisku gehiegi hartu zituztelako.
Arau berriaren arabera, pizgarrien % 30 ordainduko dira soilik esku-dirutan, eta hobari oso handien kasuan % 20ra arte jaitsiko dute muga hori. Gainera, pizgarrien zati "garrantzitsu" bat ez dute berehala ordainduko eta egindako inbertsioek espero ziren emaitzak ez badituzte lortzen ordainketa bertan behera gera daiteke.
"Gutxienez ordainketaren % 50 kapital kontingentean" egingo da, hau da, banketxeek zailtasunak baldin badituzte fondoak berreskuratzeko lehentasuna izango lukete. Era berean, finantza-entitate bakoitzak soldaten araberako hobariak ezarri beharko ditu.
Laguntza publikoa jaso zuten entitateentzako neurri bereziak aurrikusten ditu araudiak eta pizgarrietan erabili beharreko kopuruei mugak jartzen dizkiete, Europako Parlamentuaren komunikatu baten arabera.
Erabakia Europako Parlamentuak eta Kontseilu Europarrak adostu dute. Hala ere, Parlamentuaren behin betiko babesa jaso beharko du araudiak. Osoko bilkura datorren astean egingo dute Estrasburgon (Frantzia).