Ekonomia -

Erabakia

ELAk eta LABek utzi egin diote Osalanen parte hartzeari

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea "patronalaren esanetara" dagoela salatu dute zentral abertzaleek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek utzi egin diote gaur Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean (Osalan) parte hartzeari. Izan ere, zentral abertzaleen esanetan, erakunde "burokratizatu eta ezgauza" bihurtu da eta "patronalaren esanetara" dago.

Halaber, euren parte-hartzeak "balioren bat duela bermatzen ez den artean" eta "euskal gehiengo sindikalaren iritzia" aintzat hartzen ez den artean erakundetik kanpo jarraituko dutela ohartarazi dute.

ELAk eta LABek Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan eta Lan Harremanen Kontseiluan zuten parte-hartzea ere eten zuten.

Agiri batean, sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak uko egin diola "lan-osasunaren arloan zinezko politikarik egiteko aukera"ri, eta ezin diela "ekin" nahi "laneko istripu eta gaixotasunen benetako zergaitiei", horrek "patronalaren aurka jo beharko bailuke".

"Ondorioz, erakundeek ez dute aintzat hartzen gai honetan gertatzen diren arauhausteak behatu, kontrolatu eta zigortzeko betebeharra: ez Lan agintzaritzak, ez Lan-ikuskaritzak, ezta Osalanek ere", gaineratu dute.

ELAren eta LABen ustez, gainera, Osalanek ez dauka "bere egitekoak betetzeko adina bitartekorik", eta aurten haren aurrekontua % 43 jaitsi dela jarri dute adibide.

"Murrizketa eskandaluzkoa da, berez aurrekontua barregarria baitzen, BPGaren %0,02ra ere iristen ez zelarik. Politikarik ez, eta ezertarako balio ez duen propagandaz estali nahi dute gabezia", nabarmendu dute.

Osalan, "finantzatzeko bide"

Bestalde, zentralek ziurtatu dute Osalan "finantzatzeko bide" bihurtu dela: "Eusko Jaurlaritzak, Confebasken, CCOOren eta UGTren aldeko botoekin, Estatuko Fundacion Laboral para la Prevencion de Riesgos Laborales erakundeari funtsak eskatzea erabaki du. Funts horiek Lan-Istripu eta Gaixotasun Profesionaletako Mutualitateen soberakinen zati bat dira. Orain arte Osalango Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak berak erabili duten irizpidearen arabera, funts horiek EAEko erakundeen esku zuzenean jarri behar ziren, estatuko Fundazio horren ''leihatila''ra jo behar izan gabe".

Hori horrela, "publikoa den diru hori onartzeak, Madrilen ezarritako irizpideei jarraiki, dirua banatzeko beste eredu baten oinarria jartzen du, eta eredu honen xedea patronala eta estatu mailako sindikatuak finantzatzea da", kritikatu dute, Confebaskek, CCOOk eta UGTk "850.000 euro inguru" banatuko dituztela zehaztuta.

"Estatuko eredura makurtuta"

ELAk eta LABek azpimarratu dute Osalan "estatuko eredura makurtu" dela, "lan-segurtasun eta -osasunean porrot egin duen eredura alegia". "Eusko Jaurlaritzak nahi du EAE estatuko beste edozein autonomi-erkidegoren modukoa izatea, baita gai honetan ere. Hartu dituen erabakiekin autogobernu mailak atzera egin du, eta bere eskumenak erabiltzeari uko egin dio", adierazi dute.

Bestalde, bere hitzetan, "CCOOk eta UGTk erabaki dute gobernuaren bidelagun izango direla esparru honetan egiten duen edozein gauzetan, hain zuzen administrazioak doitze eta murrizte politikak bete-betean aplikatzen ari direnean". "Beraz, patronalaren eta gobernuaren arteko akordiora bildu dira eurak ere", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea