Ekonomia -
Ez dute dirua itzuli
Kartzelara bidali dituzte Novacaixagaliciako zuzendariak
Lehen aldiz bidali dituzte bankariak espetxera, aurrezki kutxetan egindako kudeaketagatik. 22 milioi eurorainoko kalte-ordainak onartu zituzten eurentzat.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak espetxera bidali ditu 2015ean bi urteko kartzelaldiko zigorra jaso zuten Novacaixagaliciako zuzendariak, 22 milioi eurorainoko kalte-ordainak onartzeagatik eurentzat, entitatetik alde egin baino lehen.
Zigor Arloko Hirugarren Sekzioko Salak ukatu egin du zigorra bertan behera uztea (iazko irailean berretsi zuen Auzitegi Gorenak), eta egindakoa oso larritzat jo du. Lehen aldiz bidali dituzte bankariak espetxera, aurrezki kutxetan egindako kudeaketagatik.
Bost zuzendariek 9.000 eta 308.700 euro arteko dietak bideratu zituzten entitateko 19 kiderentzat, eta kartzelan sartzea ekidin zuten, zigorra 24 hilabetekoa zelako eta aurrekaririk ez zutelako. Aaretoak, baina, kontuan hartu du ez dutela epaian agindutako dirua itzuli, eta oraindik auzitan daudela.
Zuzendaritzako kideen kontratuak 2010ean egokitu zituzten, hain zuzen, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari 1.162 milioi euro eskatu zizkiotenean, bat egin behar zuten bi kutxak (Caixa Nova eta Caixa Galicia) ez zirelako bideragarriak.
Hauek zigortu dituzte: Jose Luis Pego Alonso, Gregorio Gorriaran Laza eta Oscar Rodriguez Estrada (aurretiazko erretiroa hartzeko hainbat milioi bideratu zituzten, entitateak kaleratu egingo zituela ikusita), Julio Fernandez Gayoso (Caixa Novako presidentea ohia) eta Ricardo Pradas Montilla aholkularia.