Ekonomia -
EHUko Udako Ikastaroak
'Ezberdinen arteko' akordio politikoak defendatu ditu Patxi Lopezek
Jose Antonio Agirreren lana goraipatu du Patxi Lopezek, batez ere Indalecio Prieto sozialistarekin akordioa lortu eta lehen Jaurlaritza sortu zuenean.
Erredakzioa
Euskadi eraikitzeko helburuarekin "ezberdinen arteko" hitzarmenak defendatu ditu gaur Patxi Lopez lehendakariak. Horrez gain, hiritarrak "herria egiteko funtsezko balioa" direla esan du.
Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroen inaugurazioan egon da gaur lehendakaria. ''Nork egiten du historia? XX. Mendeko lidergoa, politikan'' ikastaroan izan da Patxi Lopez, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zenetik 50 urte bete direnean.
Izan ere, ekitaldian Agirreren seme-alabak izan dira (Joseba eta Aintzane), baita Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Elkarteko presidentea edota Ludger Mees eta Xosé-Manoel Núñez irakasleak ere.
Jose Antonio Agirreren lana goraipatu du Patxi Lopezek, batez ere Indalecio Prieto sozialistarekin akordioa lortu eta lehen Jaurlaritza sortu zuenean (II. Errepublikan).
Patxi Lopezen ustez, sozialisten eta abertzaleen arteko hitzarmena Euskadiren "nortasun erakusle" bihurtu egin da. Sistema demokratikoak dituen "mugen gainetik", aurrera egiteko "biderik hoberena" dela uste du lehendakariak.
Euskal herritarrei buruz, lortutako "normaltasun maila" azpimarratu du lehendakariak. Historian "aurrenekoz" ETA hiritarren kezka nagusienetako bat ez izatea goraipatu du. "Horrek ez du esan nahi abertzaleen eskaerak politikatik desagertu egin direnik, hiritarren kezkak arazo horien gainetik daudela baizik".