Ekonomia -
ENPLEGU PUBLIKOA
Zazpi lan-poltsatarako hautaketa probak abiaraziko ditu Jaurlaritzak
Gaur zabalduko da izena emateko epea, eta otsailaren 3ra arte egongo da zabalik. Langile kualifikatuentzako deialdia da.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak administrazioko zazpi lan-poltsa osatzeko hautaprobetan izena emateko epea zabalduko du gaur, astelehena. Langile kualifikatuentzako deialdia da. IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egingo du hautaketa-prozesua. Deialdiaren xehetasun guztiak IVAPen webgune ofizialean daude, Enplegu Publikoa/Lan-poltsak atalean.
Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 23an zabalduko da, eta otsailaren 3an, ostirala, 14:00etan, amaitu. Eusko Jaurlaritzak uste du lehen azterketak martxoaren bigarren hamabostaldian egingo direla. Hala izanez gero, zazpi lan-poltsak ekaina ingururako osatuta egongo lirateke.
Lan-poltsak
Guztira, zazpi lan-poltsatarako egingo dute aukeraketa-prozesu hau. Horietako seitan proba edota azterketa teorikoak eta azterketa psikotekniko bat egin beharko dira. Hala egingo da lan-poltsa hauen kasuan:
- Administrazioko goi-mailako kidegoa: Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edo Gradua.
- Zuzenbidea: Zuzenbideko lizentzia edo gradua.
- Artxiboa, Liburutegia eta Dokumentazioa: Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edo Gradua, eta 3. hizkuntza-eskakizuna.
- Osasun publikoa: Biologiako, Farmaziako, Medikuntzako, Kimikako, Albaitaritzako, Elikagaien Zientziako eta Teknologiako, edo Biokimikako lizentzia edo gradua, eta 3. Hizkuntza-eskakizuna.
- Orientatzailea: Soziologiako, Zuzenbideko, Psikologiako, Pedagogiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Psikopedagogiako edo Laneko Zientzietako lizentzia edo gradua.
- Administrarien Kidegoa: Batxilergoa, Lanbide Heziketako Teknikaria edo baliokideak, eta 2. hizkuntza-eskakizuna.
- Enpresako medikurako lan-poltsaren kasuan, aukeraketa-prozesua merituen lehiaketa-sistema bidez egingo da, ezagutzaren inguruko azterketa egin beharrik gabe; izan ere, arau bidez erregulatutako lanbidea da. Medikuntzako Gradua edo Lizentzia titulazioa, eta Laneko Medikuntza espezialitatea edo enpresa-medikuntzako diplomatura baino ez dira eskatuko.
Konpromisoa
Andres Zearreta Funtzio Publikoko Sailburuordeak adierazi duenez, "lan-poltsen deialdi hau, legealdi honetako lehena, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin duen konpromisotik sortu da". Prozesu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak "lan-aukerak eskaini nahi dizkie gazteei, eta, aldi berean, Euskadiko herri-administrazioko langileen batez besteko adina gaztetu nahi du". "Hori da 2017 honetan Eusko Jaurlaritzak egingo duen Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren helburuetako bat", esan du.
Zearretaren arabera, deialdi honi esker, "arinago eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izango dira Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkapenak eta, gainera, izangaien publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira".