Ekonomia -
Turismoa
Euskadik aurreikuspenak gainditu ditu Fiturren, Jaurlaritzaren arabera
Isabel Muela Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritza sailburuaren esanetan, euskal gastronomia, hiriburuak, barnealdea, kostaldea eta Arabako Errioxa hedatzeko aukera izan du Euskadik.
Agentziak | Erredakzioa
Isabel Muela Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritza sailburuak ohar batean jakinarazi duenez, Euskadik aurreikuspenak gainditu ditu Fitur azokaren aurtengo edizioan. Sektoreko hainbat operadore eta enpresarekin 160 bilera baino gehiago egin dituztela nabarmendu du Muelak.
"Profesionalek esan digute bilerek kalitate hobea izan dutela, eta agentzia garrantzitsuak erakutsi digute interesa gure produktuekiko", esan du Muelak. Ondoren gaineratu duenez, "Euskadiren irudia eta Basque Country marka hedatzeko erakusleiho esanguratsua da Fitur".
Era berean, Euskadik Fitur azokan izan duen eremuari esker, euskal gastronomia, hiriburuak, barnealdea, kostaldea eta Arabako Errioxa hedatzeko aukera izan dute, baita erosketak egiteko toki gisa Euskadik duen garrantzia ere.
Azken ezaugarri hori da, Muelaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoetako bat Euskadin turismoa indartzeko, sektore komertzialak duen pisua kontuan izanik.
Azkenik, herriek, udalek, diputazioek eta beste hainbat erakundek "Euskadik turistei eskaini diezaiekeen eskaintza anitza nabarmentzeko" egindako jarduerak azpimarratu ditu.