Ekonomia -

2016ko datuak

Krisiaren aurreko mailara iritsi da enplegua industria sektorean

EHUk egindako ikerketaren ondorio positiboa da hori, baina badira alde negatiboak ere, hala nola, langabeziak gazteengan eta emakumeengan duen eragina.

Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedraduna. Argazkia: EHU
Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedraduna. Argazkia: EHU
Industriaren enplegua krisaurreko maila berreskuratu du

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko industria sektorean enpleguak gora egin zuen 2016an, hazkunde netoa txikia izan bada ere (6.300 langabe gutxiago izan ziren iaz), Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak azaldu duenez.

EHUko irakasleak Euskadiko Lan Txostena aurkeztu du gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Biztanleria Aktiboaren Inkestak zabaldutako datuak oinarri hartuta egin dute ikerketa.

2017rako aurreikuspenak ez dira “oso onak”, Barne Produktu Gordinak ez duelako % 2,5a gaindituko, eta aurreikuspena betetzen ez bada eta igoera txikiagoa bada, “oso zaila izango da enplegua sortzea”.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan langabezia-tasa % 10etik behera jaitsaraztea helburu egingarria dela azpimarratu du, “batez ere demografiagatik, gazte gutxi sartzen direlako lan merkatuan”.

Datu onak industrian

2016ko datu ona industria sektorean enpleguak izandako gorakada da: 23.200 lanpostu sortu ziren, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Eustaten datuak aintzat hartuta, berriz, datu hori apur bat baxuagoa da.

Nolanahi ere, esan daiteke industria bere indarra berreskuratzen ari dela, EAEko enpleguaren % 23 ordezkatzen baitu. Hala ere, krisiaren aurreko aroarekin alderatuta, sektore horretan 28.000 langile gutxiago daudela ohartarazi du De la Ricak.

Enplegu berrietan aldi baterako kontratazioen kopuruak behera egin du eta aurrerantzean beherako joerak jarraitzea espero dute.

Emakumeak, gazteak eta langabeak

Bestalde, ikerketak hainbat aspektu negatibo ere agerian utzi ditu. Iaz sortu ziren lanpostu berri gehienak gizonezkoentzat izan ziren, emakumeen kalterako. Emakumeak lanbide heziketan trebatzea izan daiteke konponbidea, industria sektorean bidea egiteko.

Gazteek ere ez dute lanposturik bilatzen euskal industria sektorean. “Gazteak Euskaditik alde egiten ari dira, ez hemen bizitzea gustatzen ez zaielako, kanpoan lan-baldintza hobeak eskaintzen dizkietelako. Ahalegin berezia egin behar dugu hemen gera daitezen”, adierazi du.

Hirugarren berri txarra epe luzeko langabeziaren eragina da: 100 langabetatik 64k urtebete baino gehiago daramaten lanik gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EHU albisteak EAE albisteak Ekonomia Albisteak Industria sektorea Lana Eguneko albisteak