Ekonomia -

Administrazio Publikoa

22.121 lagunek eman dute izena Eusko Jaurlaritzaren lan-poltsetan

Orientaziorako eta Osasun publikorako hautaprobetan izena emateko epea beste astebetez luzatzea erabaki dute.

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak administrazioko zazpi lan-poltsa osatzeko hautaprobetan izena emateko epea zabaldu zuen joan zen urtarrilaren 23an, astelehena.

Deialdia langile kualifikatuentzako da, eta kategoria hauek barne hartzen ditu: Administrazioko goi-mailako kidegoa, Zuzenbidea, Artxiboa, Liburutegia eta Dokumentazioa, Osasun publikoa, Orientatzailea eta Administrarien kidegoa.

Eskaerak aurkezteko epealdiak 12 egun barne hartzen zituen, eta, horrenbestez, ostiral honetako (otsailak 3) 14:00etan amaitu da.

22.121 pertsonek eman dute izena zazpi lan-poltsetako bostetan, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakitera eman duenez.

Orientaziorako eta Osasun publikorako hautaprobetan, berriz, izena emateko epea beste astebetez luzatzea erabaki du, deialdiaren oinarrian aldaketak egin direlako eta hasiera batean zehaztutako titulazio gehiago onartuko dituztelako.

Administrazioko goi-mailako kidegorako hautaprobetan 6.630 lagunek eman dute izena; Zuzenbidean, 1.987 apuntatu dira; Artxiboa,  Liburutegia eta Dokumentazioan, 1.456; administrarien kidegoan, 7.385; enpresako medikurako, 60; osasun publikorako, 991; eta orientaziorako, 3.612.

Eusko Jaurlaritzak uste du lehen azterketak martxoaren bigarren hamabostaldian egingo direla. Hala izanez gero, zazpi lan-poltsak ekaina ingururako osatuta egongo lirateke.

IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dauka hautaketa-prozesua aurrera eramateko ardura.

Lan-poltsak

Guztira, zazpi lan-poltsatarako egingo dute aukeraketa-prozesu hau. Horietako seitan proba edota azterketa teorikoak eta azterketa psikotekniko bat egin beharko dira. Hala egingo da lan-poltsa hauen kasuan:

- Administrazioko goi-mailako kidegoa: Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edo Gradua.

- Zuzenbidea: Zuzenbideko lizentzia edo gradua.

- Artxiboa, Liburutegia eta Dokumentazioa: Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edo Gradua, eta 3. hizkuntza-eskakizuna.

- Osasun publikoa: Biologiako, Farmaziako, Medikuntzako, Kimikako, Albaitaritzako, Elikagaien Zientziako eta Teknologiako, edo Biokimikako lizentzia edo gradua, eta 3. Hizkuntza-eskakizuna.

- Orientatzailea: Soziologiako, Zuzenbideko, Psikologiako, Pedagogiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Psikopedagogiako edo Laneko Zientzietako lizentzia edo gradua.

- Administrarien kidegoa: Batxilergoa, Lanbide Heziketako Teknikaria edo baliokideak, eta 2. hizkuntza-eskakizuna.

- Enpresako medikurako lan-poltsaren kasuan, aukeraketa-prozesua merituen lehiaketa-sistema bidez egingo da, ezagutzaren inguruko azterketa egin beharrik gabe; izan ere, arau bidez erregulatutako lanbidea da. Medikuntzako Gradua edo Lizentzia titulazioa, eta Laneko Medikuntza espezialitatea edo enpresa-medikuntzako diplomatura baino ez dira eskatuko.

Konpromisoa

Deialdiaren berri eman zen egunean, Andres Zearreta Funtzio Publikoko Sailburuordeak adierazi zuenez, "lan-poltsen deialdi hau, legealdi honetako lehena, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin duen konpromisotik sortu da". Prozesu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak "lan-aukerak eskaini nahi dizkie gazteei, eta, aldi berean, Euskadiko herri-administrazioko langileen batez besteko adina gaztetu nahi du". "Hori da 2017 honetan Eusko Jaurlaritzak egingo duen Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren helburuetako bat", esan zuen.

Zearretaren arabera, deialdi horri esker, "arinago eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izango dira Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkapenak eta, gainera, izangaien publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea