Ekonomia -

garraioa

Lehia desleialagatik BlaBlaCarren aurkako demanda, bertan behera

Uber itxi zuen epaileak oraingoan babesa eman dio plataforma horri, baina ekonomia kolaboratiboaren inguruan dagoen gabezia legala azpimarratu du.

Argazkia: wwww.blablacar.es
Argazkia: wwww.blablacar.es
Argazkia: wwww.blablacar.es

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo merkataritza-arloko 2. epaitegiak bertan behera utzi du autobus bidezko garraio enpresen patronalak (Confebus) BlaBlaCar plataformaren aurka 2015ean lehia desleialagatik aurkeztu zuen demanda.

Modu horretan, auto bidezko bidaiak partekatzeko asmoz pertsonak harremanetan jartzen dituen plataforma horrek itxi behar izatea saihetsi du.

Andres Sanchez Magro epaileak, 2014ko abenduan Uber plataforma Espainian itxi egin behar zela agindu zuen berak, baztertu egin du BlaBlacarrek profesionala den garraio-zerbitzurik ematen duenik, horretarako baimenik izan gabe.

Aitzitik, epailearen aburuz, "enpresa hori plataforma bat da, baina ez bidaiak antolatzeko, baizik eta elkarrekin bidaiatu eta gastuak partekatu nahi dituzten norbanakoak harremanetan jartzeko".

Hori argudiatzeko epailek darabilen argudioa da BlaBlaCarrek ez duela gidaririk kontratatuta. "Bidaia bera egiteko interesa duten pertsonekin bere kabuz harremanetan jartzen diren norbanakoak dira, eta ez dute zerbitzu batengatik ordaintzen, baizik eta bidaiak sortzen dituen kostuengatik", dio Magrok bere epaian.

Ez ditu negozio profesional baten adierazletzat hartzen bidaiako gastuengatik ordaintzen diren prezioa edota plataformak iradokitzen duen zenbatekoa, uste baitu ez dutela "irabazi asmorik". Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko argibidetzat jotzen ditu epaileak.

Horrenbestez, baztertu egin du BlaBlaCarren jarduera Lurreko Garraioen Legearen menpe egoterik, Confebusek salatzen zuen bezala, eta, horren ordez, Informazio Gizartearen Zerbitzu Legeari dagokiola dio, plataformak eskatu legez.

Errealitatea legea baino askoz aurrerago

Aipatutakoa gora-behera, ekonomia kolaboratiboaren inguruan dagoen gabezia legala azpimarratu du; izan ere, arlo horretan "errealitatea legea baino askoz aurrerago dabil".

"Interneten bitartekaritza lanetan diharduten plataforma eta enpresa mota horien existentzia ez dago behar bezala araututa, baina araudirik ez egoteak ez du ekarri behar beraien debekua", baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea