Ekonomia -
Energia
Eusko Jaurlaritzak energia aurrezteko deia egin du
Enpresetan, garraioan eta administrazioetan energia aurrezteko beharra azpimarratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Enpresetan, etxeetan, garraioetan eta administrazioetan energia kontsumoa aurrezteko neurriak ezartzeko eta horiez kontzientziatzeko premiazko deia egin du Eusko Jaurlaritzak.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburuak Berdeago Energy azokan izan da gaur goizean, Durangoko (Bizkaia) Landako Elkartegian. Energiaren Euskal Erakundeak hartu du parte.
Tapiak gogoratu duenez, 2030 Estrategia Energetikoa du Euskadik eta, horri esker, geroz eta energia berriztagarri gehiago sortu eta kontsumituko du jendeak. Gasa izango da trantsizio-prozesu horretako energia.
Horrez gain, epe ertain eta luzera begira estrategiak "anbizio handiko" helburuak dituen arren, egungo errealitateak "gaurko erantzunak eskatzen ditu". Era berean, "eraginkortasun energetikoaren bidez premiazko beharrei erantzuten jarraitu behar da, kostuak murriztu eta energia aurrezten laguntzeko", gaineratu du.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren jarduera-ardatz nagusia eraginkortasun energetikoa azpimarratzea izango da, enpresetan, prozesu industrialetan, garraioan, etxeetan eta administrazioan energia aurrezteko.