Ekonomia -
Industria
De Guindosek eta Tapiak euskal industria indartzea adostu dute
Euskal industriaren egoera errepasatzeaz gain, sektore guztiak indartzeko konpromisoa hartu dute, tradizionaletatik hasi eta 4.0. industriak ezarri arte.
Agentziak | Erredakzioa
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak eta Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun ministroak bilera egin dute gaur Madrilen, euskal industriaren egoera errepasatzeko. Sektore guztiak indartzeko konpromisoa hartu dute, tradizionaletatik hasi eta 4.0. industriak ezarri arte.
Eusko Jaurlaritzak apirilean Londresen irekiko duen bulegoaren proiektua aurkeztu dio Tapiak De Guindosi. Euskadiko enpresentzat aukerak aprobetxatzeko asmoa duela azaldu dio.
Javier Zarraonaindia Industria sailburuordeak ere hartu du parte batzarrean, baita Estibaliz Hernaez Teknologia sailburuordeak ere. Bileraren amaieran Arantxa Tapiak adierazi duenez, siderurgiaren egoera ere aztertu dute, 2016an arazoak izan ostean.
"Bruselan gertatzen dena oso adi jarraitu behar dugu, gure sektorea etorkizunean lehiakorra izan dadin lana egiteaz gain", esan du.
Ondoren, sailburuak arlo aeronautikoaren egoeraren xehetasunak jakinarazi ditu. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Ministerioarekin elkarlanean aritu nahi du, ikerkuntza-programak eskaini eta ITP moduko enpresek garatutako osagai berriak abiatzeko. "Industriak landutako programak dira eta horiekin lanean jarraitu nahi dugu. Autonomia erkidego gisa, ez gara gai gu bakarrik horiez arduratzeko", aitortu du.