Ekonomia -

Ministroen Kontseilua

Aurrezki-kutxen erreforma onartu du Gobernu zentralak

Aurrezki-kutxek kuota partehartzaileak jaulkitzea ahalbidetuko du Dekretuak. Akzioak bezalako balioak izango dira, eskubide politikoekin, baina ezin izango dute gainditu kutxen ondarearen % 50.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrezki-kutxen Organo Errektoreen Legea (LORCA) erreformatzeko Errege Lege Dekretua onartu du Ministroen Kontseiluak gaur, eta entitate horien araudia aldatuko du, finantzaketa errazteko eta kudeaketa profesionalizatzeko. Horrela, "Espainiako finantza-sistema indartu" nahi dute.

Horrela azaldu du Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko presidenteordeak, Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan. Araua "ahalik eta adostasun handienarekin" onartu nahi du Exekutiboak, bai alderdien eskutik, zein erkidegoen babesarekin.

Aurrezki-kutxek kuota partehartzaileak jaulkitzea ahalbidetuko du Errege Lege Dekretuak. Akzioak bezalako balioak izango dira, eskubide politikoekin, baina ezin izango dute kutxen ondarearen % 50 gainditu.

Kuota horien jaulkipenak aurrezki-kutxak "erakargarriagoak" egingo ditu merkatuetan, Elena Salgado Ekonomia ministroaren ahotan.

Ekintza eredu berriak

Gainera, aurrezki-kutxen ekintza eredu berriak ezartzen ditu testuak. Kuota partehartzaileen erregimen berriarekin eta estatutuak moldatuz orain arte bezala jarraitu ahal izango dute kutxek, baina banketxe bati finantza-negozio guztia lagatzeko aukera izango dute. Hala ere, obra soziala eta industria-kartera aurrezki-kutxen eskuetan jarraituko dute.

Aurrezki-kutxek fundazio bihurtzeko aukera izango dute, negozio guztia banku baten eskuetan utziz.

Bestalde, Babes Sistema Instituzionalean (SIP) sartzen diren aurrezki-kutxek sozietate anonimo bat izango dute entitate zentraltzat, hau da, banku bat. Era berean, banketxearen % 50 aurrezki-kutxaren parte izango da.

Salgadoren hitzetan, arau hau "gure herrialdean sekula egin den garrantzitsuena da", eta "sektorea berrindartuko du, kutxen kapitalizazioa ahalbidetuz, eskubide politikoak dituzten (edo ez) kuota partehartzaileen jaulkipenaren bidez, eta kudeaketa gehiago profesionalizatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea