Ekonomia -
FACUA
Espainiaren garaipen promozioetan iruzurrak izan daitezke
Promozio horietan produktuak erosi zituzten lagunei "zuhur" egoteko eskatu die FACUA kontsumitzaileen erakundeak, eta "abusuen edo iruzurren" biktimak izan direla ohartzen badira salatzeko eskatu die.
Erredakzioa
Munduko Txapelketan Espainiaren balizko garaipen batekin publizitatea egin zuten enpresek iruzur egiteko arriskua dagoela ohartarazi du FACUA kontsumitzaileen erakundeak, batez ere "gaizki neurtu zuten" denda txikien kasuetan.
Promozio horietan produktuak erosi zituzten lagunei "zuhur" egoteko eskatu die Ruben Sanchez FACUA erakundeko bozeramaileak, eta "abusuen edo iruzurren" biktimak izan direla ohartzen badira salatzeko eskatu die, "publizitate-tranpa" izan dela uste duten kasuetan.
Hegoafrikan Espainiako selekzioaren garaipen posible batekin publizitate kanpainak egin zituzten "multinazionalak eta denda txikiak" asko izan zirela azpimarratu du Sanchezek. Horregatik, Espainiak igandeko finala irabazten baldin badu "kontsumitzaileekin hartutako konpromisoa bete beharko dute".
Jarraipena
Hamar bat enpresaren kanpainak jarraitu ditu FACUAk. Salmentak ugaritzeko salneurria itzultzeko apeua erabili zuten, baita txeke opariak ematea edo finantza-produktuen interes-tasak igotzea ere, Espainiak Munduko Kopa irabaziz gero.
Momentuz "eskaintza tranparik" aurkitu ez dutela adierazi du Sanchezek, eta publizitate hori egin duten enpresa handiek eta multinazionalek "konpromisoekin betetzea suposatuko lukeen inpaktu ekonomikoa ongi neurtu" dutela uste dute.