Ekonomia -
Toledoko ituna
Erretiro adina 67tik harago atzeratzea proposatu du Espainiako Bankuak
Halaber, Luis Maria Linde Espainiako Bankuko gobernadoreak pentsio plan pribatuak 'zabaltzea' proposatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luis Maria Linde Espainiako Bankuko gobernadoreak erretiro adina 67 urtez harago atzeratzea eta pentsio plan pribatuak "zabaltzea" proposatu du, epe luzera sistemaren iraunkortasuna bermatzeko.
Erretiro adina atzeratzeko hainbat arrazoi eman ditu Lindek: bizi itxaropena luzeagoa da, gazteak gero eta beranduago sartzen dira lan munduan, gaur egungo lanpostu gehienek esfortzu fisiko txikiagoa eskatzen dute eta gaur egungo adineko pertsonak egoera fisiko hobean daude.
Espainiako Bankuko gobernadorearen esanetan, erretiro aurreratua bultzatzeko pizgarriak kentzeak eta langileen lan bizitza luzatzeak eragin positiboak izango lituzkete sistemaren jasangarritasunean.
Lindek agerraldia egin zuen atzo Espainiako Diputatuen Kongresuan, Toledoko Itunari buruzko batzordean, eta Espainiako Bankuak pentsioen etorkizunari buruz duen ikuspegia azaldu zuen bertan. Horren hitzetan, pentsio plan pribatuak edo mistoak pentsio sistema publikoarekin uztartzea "onuragarria" izan daiteke, eta Europako hainbat herrialdetan ongi funtzionatzen duela esan zuen.
Linderen hitzetan, Gizarte Segurantzaren erronka nagusia populazioaren zahartzea da, eta ordezkatze tasa (batez besteko pentsioaren eta batez besteko soldataren arteko erlazioa) murriztea eta (zerga edo kotizazio bidez) finantzatzeko bide berriak bilatzea proposatu du horri aurre egiteko.