Ekonomia -

Gaur

Iberdrolak eskatutako neurriak onartzen dituen erabakiko du epaileak

Ahozko ikustaldian ACSren "kontrol saiakera" bat salatu du konpainia elektrikoak. Bestalde, Iberdrolaren Administrazio-kontseiluan parte hartzeko duen eskubidea defendatu du enpresa eraikitzaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolak eskatutako kautelazko neurriak onartzen dituen erabakiko du gaur Madrilgo Merkataritza-arloko epaitegiak. Izan ere, ACSren kontuen kontra egin zuen konpainia elektrikoak.

Horrela adostu dute ahozko ikustaldiaren ostean. ACSren "kontrol saiakera" bat salatu du konpainia elektrikoak. Bestalde, Iberdrolaren Administrazio-kontseiluan parte hartzeko duen eskubidea defendatu du enpresa eraikitzaileak, akzio gehien dituen entitatea delako (akzioen % 12 ditu).

Iberdrola eta ACSren arteko gatazka judiziala maiatzaren 26an hasi zen. Eraikitzailearen Akziodunen Batzar Orokorrean hartutako erabakiak bertan behera uztea eskatu zuen Iberdrolak: Memoria, balantzea, galeren eta irabazien kontua, kudeaketa txostena eta Kontseiluaren kudeaketa.

Argudioak

Iberdrolaren arabera, "bere finantza-ahultasuna ezkutatu" nahi du ACSk. Konpainia elektrikoaren ahotan, horren adibide da "Abertis operazioa, horren bidez ACSk likidezia lortu nahi du, enpresa horretan egindako inbertsioa alde batera utziz".

Bestalde, Iberdrolak "ACSren finantza-egoera zalantzan" jarri nahi dutela salatu du konpainia eraikitzaileak, eta hori "harrigarritzat" jo du ACSk, Iberdrolarentzat "kalte ekonomikoa" izango litzatekeelako.

Bi enpresak antzeko prozesu batean aurkeztu ziren Bilboko epaitegietan, iragan astean. Orduan Iberdrolaren Batzar Nagusian hartutako erabakiak bertan behera uztea eskatu zuen ACSk, baina epaitegiak ez zuen onartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea