Ekonomia -
Ekaineko datuak
Prezioek % 0,2 egin dute gora EAEn eta Nafarroan
Gorakada hori Espainiako batez bestekoarekin bat dator. Azken hamabi hilabetetan, alkoholdun edariak eta tabakoa dira gehien garestitu diren produktuak, hain zuzen, % 12,8.
Erredakzioa
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,2 igo zen bai EAEn eta Nafarroan. Ekaineko Gorakada hori Espainiako batez bestekoarekin bat dator, Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako datuen arabera.
Estatuko autonomia erkidego guztietan egin zuten gora prezioek ekainean, bereziki, Nafarroan (% 0,3). Kanariar Uharteetan, berriz, bere horretan geratu ziren.
KPIren gorakada Espainiako batez bestekoarekin bat etorri zen Andaluzian, Asturiasen, Balearretan, Kantabrian, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Valentziako Erkidegoan, Extremaduran, Galizian eta Murtzian.
Aragoien eta Gaztela eta Leonen baina, prezioek ez zuten Espainiako batez bestekoa gainditu eta % 0,1ean kokatu ziren.
Urtebeteko indizea
Urtebeteko indizeari dagokionez, autonomia erkidego guztietan egin zuten gora prezioek, bereziki, Asturiasen, Gaztela-Mantxan eta Katalunian. Horietan guztietan % 1,7 igo ziren, hau da, Espainiako batez bestekoa baino bi hamarren gehiago.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, urtebeteko indizea % 1,4an kokatzen da.
Azken hamabi hilabetetan gehien garestitu diren produktuak eta zerbitzuak honakoak dira: alkoholdun edariak eta tabakoa (% 12,8), garraiobideak (% 5) eta etxebizitzak (% 2,7). Bestalde, honakoen prezioek behera egin zuten: aisialdia eta kultura (% 1,4), komunikazioak (% 1,1), elikagaiak eta alkoholik gabe edariak (% 0,6) eta jantziak eta oinetakoak (% 0,2).