Ekonomia -
2010eko bigarren hiruhilekoa
Etxebizitzaren prezioa % 3,8 jaitsi da EAEn eta % 4,4 Nafarroan
1.848,9 eurotan dago metro karratua Espainian eta Donostiak metro karratu garestienaren lehen postuari eusten dio, hain justu, 3680,3 eurotan dago.
Erredakzioa
Etxebizitzaren prezioak % 3,8 egin du behera EAEn eta % 4,4 Nafarroan urteko bigarren hiruhilekoan. Biak ala biak, Espainiako batez bestekoa (% 3,7) gainditzen dute eta jaitsierari eusten dion segidako zazpigarren hiruhilekoa da honakoa Estatuan, Espainiako Etxebizitza Ministerioak gaur emandako datuen arabera.
2010eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, etxebizitzaren salneurria % 0,9 jaitsi da apirila eta ekaina bitartean.
Etxebizitza berriaren (bi urte arteko antzinatasuna) metro karratuaren prezioa 1.846,7 eurotan dago, hau da, 2009ko epe berean baino % 4 merkeago.
Bigarren eskuko etxebizitzaren (bi urtetik gorako antzinatasuna) salneurriari dagokionez, 1.854,9 eurotan dago metro karratua, % 3,3 merkeago alegia.
Dena den, bai etxebizitza berriaren bai bigarren eskukoaren prezioen beherakada moteldu da.
Autonomia Erkidegoetako datuak
Espainiako batez bestekoarekin alderatuta, hamabi autonomia erkidegoetan merketu da etxebizitza eta beste bostetan garestitu da.
Honako erkidegoek Espainiako batez besteko beherakada (- % 3,6) gainditu dute: Kanariar Uharteak (-% 6,4); Valentziako Erkidegoa (-% 5,1); Aragoi (-% 4,8); Nafarroa (-% 4,4); Andaluzia, Balearrak eta Madril (-% 4,3 hiru horietan); EAE (-% 3,8); Murtzia (-% 3,4); Katalunia (-% 2,3); Errioxa (-% 2,1); Gaztela eta Leon (-% 0,6) eta Ceuta eta Melilla (-% 0,4).
Honako erkidegoetan, aldiz, etxebizitzaren prezioak gora egin du: Asturiasen (% 2,2), Galizian (% 1,4), Gaztela-Mantxan (% 1,3), Extremaduran (% 0,4) eta Kantabrian (% 0,1).
Donostiak du metro karratu garestiena
25.000 biztanletik gorako udalerriei dagokionez, Donostiari dagokio metro karratua garestienaren lehen postua (3.680,3 euro) eta horren segidan daude Bartzelona (3.418,1 euro), Sant Cugat del Valles (3.351,1 euro), Getxo (3.277,5 euro) eta Madril (3.275 euro).