Ekonomia -
Bihartik aurrera
Greba mugagabea egingo dute Alhondigako eta Indautxuko aparkalekuetan
Bi parkingetako langileek protesta egingo dute, otsailean izandako kaleratze baten aurka eta aparteko ordainsari bat zor dietela salatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azkuna Zentroko (Alhondiga izandakoa) eta Indautxuko aparkaleku publikoetako langileek greba mugagabeari ekingo diote astelehen honetatik aurrera, Bilbon, otsailean izandako kaleratze baten aurka eta aparteko ordainsari bat zor dietela salatzeko. Egoiliarrei eta orokorrean herritar guztiei eragingo die lanuzte horrek.
Euskadiko CC. OO.k salatu duenez, "enpresaren asmoa garbia da: langileak kaleratzea eta horren ordez, makinak jartzea". Hori dela eta, Azkuna Zentroan lan egiten duten 5 lagunen lanpostuak mantentzea aldakarrikatuko dute.
Bestalde, Indautxuko aparkalekuari dagokionez, irailean kobratu behar zuten aparteko ordainsaria zor dietela salatu nahi dute bertan lan egiten duten sei langileek.
CC.OO.k azaldu duenez, aparkaleku horien titulartasuna publikoa da, baina hainbat UTEk kudeatzen dituzte, "enpresa nagusia Empark bada ere". Sindikatuak Bilboko Udalera jo du jazotakoa salatzeko, eta udal taldeekin harremanetan izan da, irtenbide bila.