Ekonomia -
Aire kontrolatzaileen lanuztea
Zazpi hegaldi bertan behera Bilbon eta Biarritzen, greba dela eta
Loiuko aireportuan hegaldi bakarra kendu dute: 13:10ean aireratu eta bi ordu geroago Parisetik bueltatu behar zena.
EITB.EUS
Ostiralera arte Frantziako aire kontrolatzaileek deitutako grebaren ondorioz, zazpi hegaldi geratu dira bertan behera Biarritzeko eta Bilboko aireportuetan.
AENAko iturriek jakinarazi dutenez, Bizkaiko aireportuan hegaldi bakarra kendu behar izan dute: Vueling konpainiaren Bilbo-Paris. Hegazkinak 13:10ean atera behar zuen Loiutik, eta bi ordu pasatxo geroago, Parisetik itzuli. Ibilbide bera zuen Air France konpainiaren beste hegazkin bat, ordea, aurreikusi bezala atera da.
Biarritzeko Aireportuaren webgunearen arabera, sei izan dira bertan behera geratutakoak: bat Ryanair konpainiarena (Biarritz-Charleroi), lau Air France konpainiarenak (Biarritz-Paris Orly eta Biarritz-Paris CDG) eta bat Iberiaren (Biarritz-Madril).
Espainiako Estatuan 22 hegaldi geratu dira bertan behera, eta 550, Frantziakoan.
Grebak Frantziako hiru aireporturi eragiten die bereziki: Brest (mendebaldea), Bordele (hego-mendebaldea) eta Aix-en-Provence (hego-ekialdea). Hori dela eta, bereziki hiru horietan aurreikusitako hegaldiak murrizteko eskatu diete agintariek konpainiei.