Ekonomia -
Batzarra
Madrileko metroko langileek amaiera eman diote grebari
Sindikatuek eta zuzendaritzak adostutako dokumentua berretsi dute langileen % 68,3k. Azkenean, langileen soldata % 1 murriztuko dute.
Erredakzioa
Greba amaitzea erabaki dute Madrilgo metroko langileek astelehen honetan, batzarrean bozkatu ostean. Asteburuan Greba-batzordeak eta zuzendaritzak lortutako akordioa berretsi dute langileek batzarrean, zazpi greba egun egin ostean.
Goizean igorritako antzeko boto portzentajea jaso du akordioak arratsaldean. Horrela, sindikatuek eta zuzendaritzak adostutako dokumentua berretsi dute langileen % 68,3k (513 boto). Azkenean akordioak langileen soldata % 1 murrizten du.
Langile asko izan dira arratsaldeko bozketan ere. Langileen % 30 Solidaridad Obrera sindikatuaren proposamenaren alde agertu dira. Akordioaren aurka azaldu den sindikatu bakarra da. Irailean mobilizazioekin jarraitzearen aldeko apustua egin dute sindikatu horretako ordezkariek, eta Premiazko Neurrien Legearen aplikazioari buruzko gai guztiak epaitegietan tramitatu nahi zituzten.
Horrela, ekainaren bukaeran hasi zen grebari amaiera eman dio erabaki horrek. Bi greba egunetan metroak zerbitzua eten behar izan zuen, gutxieneko zerbitzuak bete ez zirelako.
Gainera, akordioa garaiz heldu da eta enpresak nominak itxi ahal izango ditu (bihar azken eguna zen). Ondorioz, ez du ekaineko eta uztaileko % 5eko deskontua egin beharrik.
Jarraipen-batzordea
Antonio Asensio Greba-batzordeko bozeramaileak azaldu duenez, erabaki honen ostean lanuzte deialdiak bertan behera utziko dituzte eta hitzarmen kolektiboaren jarraipen-batzorde bat sortuko dute, baina "oraindik ez dago datarik".