Ekonomia -
Probintzia Auzitegia
Bizkaiko hazienda-ikuskatzaile ohiaren aurkako epaiketa, urtarrilean
11 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak Juan Ramon Ibarrarentzat, eta baita 801.600 euroko isuna ere, ustez faltsutze, prebarikazio eta funtzionario-eroskeria delituak egiteagatik.
Erredakzioa
Juan Ramon Ibarra Oiarzabal Bizkaiko hazienda-ikuskatzaile ohiaren kontrako epaiketa 2011ko urtarrilaren 17an hasiko da, Bilboko Justizia Jauregian. Faltsutze, prebarikazio eta funtzionario-eroskeria delituak egotzi dizkiote.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak uztailaren 19an egindako autoaren arabera, Ibarrarekin batera Maria Valvanera Canal, Joaquin Tebar eta Jose Luis Silvestre izango dira akusatuen aulkian. Epaiketa martxoaren 10era arte luzatuko da, goizeko saioetan eta astelehenetik ostegunera.
11 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak Bizkaiko hazienda-ikuskatzaile ohiarentzat, eta baita 801.600 euroko isuna ere, bost delitu egiteagatik, horien artean faltsutzea eta funtzionario-eroskeria, ustez ehun bat zergapekori abantailak emateagatik.
Konkretuki, agiri publikoa behin baino gehiagotan faltsutzea, prebarikazioa eta desleialtasuna agirien zaintzan leporatu dizkio Ministerio Fiskalak, baita funtzionario-eroskeria eta desobedientzia delituak ere, Bilboko epaitegiak martxoan argitaratutako autoaren arabera.
Bestalde, Tebarri, Silvestreri eta Canali faltsutzea, prebarikazioa eta desleialtasuna agirien zaintzan egotzi dizkiete, eta zortzi urteko kartzela-zigorra eskatuko dute hirurentzat. Era berean, 24.000 euroko isuna eskatu dute funtzionarientzat.